Betiko osagai arrakastatsuak eta ohiko giro herrikoia, Portuko Jaietarako menua

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Herritar ugari, sagardo dastaketaz gozatzen, joan den urtean. Solidarioa izango da aurtengoa.

Gaurtik igandera bitarte ospatuko dituzte Portuko Jaiak, eta aurreko urteko ekintzei jarraipena ematearen aldeko apustua egin du Jai Batzordeak. Haurrentzako jolasak, 'Txapete'ri omenaldia eta sardin-jatea izango dira protagonista gaur, aurreneko egunean.

Ondo funtzionatzen duen formula, zertarako aldatu? Ideia horrekin, segida eman diote aurtengo Portuko Jaietan, betiko osagai arrakastatsua eta ohiko giro herrikoia barne hartzen dituen menuari. Aldaketa gutxi izango ditu egitarauak, eta ekintza asko eta asko, hiru egunez San Joan Txiki jaiez gozatzeko.

Hori horrela, pozez txoratzen hartuko dute festetako aurreneko eguna, gaurkoa, auzoko zein herri osoko gaztetxoek. Goizean zein arratsaldean izango dute zerekin gozatua, ia atsedenerako tarterik gabe. Eguerdiko 12:00etan botako dute jaien hasierako suziria, baina ordurako, marrazkiak eta pinturak eginda izango dituzte haurrek, lehiaketarako; eta makina bat jolasetan aritzeko aukera ere izango dute: puzgarriak, parke txikia, ohe elastikoak eta olla.

Eguerdian, gainera, herritar guztientzat ikusgai jarriko dituzte goizean egindako marrazkiak, erakusketarekin. Berriro izango dute haur parkea zabalik arratsaldean, eta ohiko jokuekin ere arituko dira plazan: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, uraren eta irinaren jolasa... Eta arratsaldea borobiltzeko, txokolatada ere izango dute.

 

Zinta lasterketak ez du hutsik egingo bihar eguerdian, eta sekulako opariak izango dira partehartzaileentzat.
 

Mikel Valdivia Txapete auzotarra oroitzeko eguna ere izango da gaurkoa. Lore eskaintza egingo diote goizean, jaiei hasiera eman aurretik; eta haren omenezko lorontzi lehiaketa izango da arratsaldean, auzoari kolorea emateko. «Sei urte dira hil zela, eta momentu berezia da omenaldia, urtero egin beharrekoa. Beti izango dugu presente jaietan; eta festetatik kanpo ere, beste modu batzuetara daukagu presente, bakoitzak bere erara», nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek.

Urteroko sardin-jateak ere ez du hutsik egingo jaien aurreneko egunean, eta gaur iluntzean izango da, 31garrenez. Oihan Vega arduratuko da gaua luzatzeaz, disko festarekin. Jendetza erakarriko du disko jartzaile bergararrak, aurten ere.

 

Aldaketa, Asto Karreran: gaztetxoek emango dute paseoa asto gainean

Bada ekintza bat, protagonismo berezia izaten duena Portuko Jaietan, larunbat arratsaldean: Asto Karrera. 70garren edizioa izango du aurtengoa, baina aldaketekin dator, animaliei buruzko legedia berriak eraginda. Oraingoan ez da lasterketarik izango, eta horren ordez, gaztetxoak ibiliko dira asto gainean, paseoak emanez, auzoan barrena.

Behin behinean egingo dute horrela, astoen presentzia mantentzeko jaietan; eta aurrerago ikusiko dute zer egin, etorkizunera begira.

 

Astoek ez dute hutsik egingo aurten ere, Portuko Jaietan; baina lasterketaren ordez, paseoak egingo dituzte gaztetxoek.
 

Gainerakoan, haurrek eta familiek gozatzeko makina bat ekintza izango dira biharko egunean zehar. Ohiko jokoekin hasiko dute eguna, zaku karrerekin, lokotxak biltzen, aulki jokoan, edota irinetan txanponak eta opariak bilatzen. Oparirik ez da faltako ondorengo zinta lasterketan ere: bizikleta gainean doazela zintak biltzea lortzen dutenek, sari potoloak jasoko dituzte, aurreratu dutenez. Tiro karabina txapelketarekin bukatuko dute egunaren aurreneko zatia, eta tailerrekin hasi bigarrena. Ondoren, astoen inguruan bilduko da jendea auzoan, eta barre algaraka eta dantzan bukatuko dute eguna gaztetxoek: Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia izango da aurrena, eta Laiotzekin haurrentzako dantzaldia ondoren. 

Afalostean eskainiko du bigarren saio bat Laiotzek berak, goizaldeko ordu txikietara arte.

 

Ospitaleko pailazoei laguntza, sagardo dastaketako pintxo eta edalontzi bakoitzarekin

Larunbateko parranda luzatzen duenari, ezustekoa emango diote goizeko 08:00etako suziriek, igandean. Espabilatzeko tarte bat emango diete txistulariek, dena den, 09:30etan hasiko baitute kale buelta, diana jotzeko. Ondoren, auzoko hildakoen omenezko meza egingo dute eguerdian, eta Hernaniko Bertso Eskolako kideak arduratuko dira giroa pizteaz, sagardo dastaketarako.

Solidarioa izango da aurtengo dastaketa ere, aurreko urteetakoa bezalaxe; eta oraingoan, ospitaleko pailazoen Algaraklown elkarteari laguntzeko baliatuko dute. Hortaz, bisitariek erosten duten edalontzi eta pintxo bakoitzeko, ospitaleko pailazoei lagunduko diete, beraientzat izango baita bildutako dirua. Bertan egongo dira Algaraklowneko kideak ere, egiten duten lana ikusarazteko eta beraien merchandising produktuak saltzeko.

Aukera zabal-zabala izango da sagardoei dagokienean, gainera. Izan ere, 13 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo dastaketan: Hernaniko Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Iparragirre, Itxas-Buru, Olaizola, Otsua-Enea eta Rufino; Astigarragako Artola, Gurutzeta eta Oialume-Zar; eta Urnietako Eula.

Toka eta bote txapelketen 47garren edizioa ere jokatuko dute plazan bertan, sagardo dastaketa egin bitartean. Eta ondoren, bazkaria izango da, Euskal Parrillaren eskutik. 90 bat lagunek bazkalduko dute bertan, atzo arte baitzen txartelak erosteko aukera.

Arratsaldean, berriz, herri kirolak izango dira protagonista, beste behin. Eta puntako aizkolari eta harrijasotzaileak ariko dira lanean. Aizkoran, lau emakumezko ariko dira, azkeneko urteotan haien presentziak izan duen gorakadaren erakusle: Martindegi auzoko Malen Barrenetxea gaztea, Nerea Arruti Euskal Herriko txapelduna, Nerea Sorondo eta Beatriz Tanco. Eta haiekin batera, gizonezkoetan, iazko lehiaren errebantxa jokatuko dute Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak, espezialista onenetako bik. Harrijasotzen, berriz, erakustaldia emango dute Jokin Eizmendik eta Mikel Lopetegi Urrak. Ergobiko txapelketa irabazi berri du Urrak, Urumea ibaiko Harri Beltzari 54 altxaldi eginda.

Eta lan guztiak bukatuta, nola ez, Laiotz arduratuko da festei bukaera goxoena emateaz, beste urte batez. Tartean, hori bai, izango da zalapartarik oraindik: zezensuzkoa aterako dute plazara, eta urteroko traka luzea prest daukate, bukaerako eztanda eta guzti...

PORTUKO JAIAK

EGITARAUA

GAUR, ostirala

10:00, Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30, Haurren Parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia eta olla.

11:30, Mikel Valdivia 'Txapete'ri lore eskaintza.

12:00, Jaien hasiera, suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundien eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.

13:00, Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa.

16:00-19:00, Haurren Parkinga.

17:00, Haur jokoak: zaku karrerak, lokotxak, aulki jolasa, uraren eta irinaren jolasa...

18:00, Mikel Valdivia 'Txapete'ren omenezko lorontzi lehiaketa.

Ondoren, Txokolatada.

20:00, XXXI. Sardin-jate herrikoia.

23:00, Oihan Vegaren eskutik disko festa.

BIHAR, larunbata

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

11:30, Haur jokoak: zaku-karrerak, aulki jokoa, lokotxak, uraren eta irinaren jolasa...

13:00, Zinta lasterketa.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30, Umeentzako tailerrak.

18:00, LXX. Asto Karrera, Zintzarri tabernak babestuta.

19:00, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia, Laiotz taldearekin.

Ondoren, Afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

00:00, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik.

ETZI, igandea

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

09:30, Diana txistulariekin.

12:00, Meza, auzoko hildakoen alde.

12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30, Sagardo-dastaketa solidarioa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta. Bildutako dirua Algaraklown elkartearentzat izango da.

13:00, XLVII. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik. Bazkarirako txartelak Pedro Mari tabernan hartu zitezkeen atzo arte.

18:30, Herri kirolak, Akelenea jatetxeak babestuta. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Nerea Sorondo, Nerea Arruti, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

00:00, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik.

Tartean, Zezensuzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!