Hernanik Getxoren aurka hasiko du denboraldia bigarren jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 24a, 00:00

Hernanik denboraldia Landaren hasiko du Getxoren aurka.

Lehenengo jardunaldian atsedena izango du eta irailaren 30ean edo urriaren 1ean jokatuko du Landaren lehenengo partidua.

Hernani Errugbi Elkarteak ezagutzen du 2023-2024 denboraldiko egutegiaren zati bat. Aurreko astean Espainiako Errugbi Federazioak lehen itzuliko egutegia argitaratu zuen eta irailaren 30 eta urriaren 1eko asteburuan hasiko du liga txapelketa Landaren, etxeko zaleen aurrean, Getxo indartsuaren aurka.

Aurreko denboraldietan bezala, Hernani Ohorezko B Mailako A taldean kokatuta dago beste 10 talderekin batera. Hori dela eta, talde bakoitzak atsedenerako jardunaldi bat izango du eta Hernaniri lehenengo jardunaldian atseden hartzea tokatu zaio. Ondoren, bigarren jardunaldiarekin egingo du debuta Landaren. Lehenengo fase honetako azken partidua berriz, Gasteizen jokatuko du Gaztediren aurka, urtarrilaren 14an.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, Santanderreko Independienteren hutsunea izango du taldeak Kantabriarrek uko egin baitiote liga jokatzeari. Bestetik, aurreko denboraldian igo zen Real Oviedorekin batera Asturiasko Gijon RC kluba izango da Hernaniren multzoan.

Bigarren partidua Oviedoren aurka jokatuko du Asturiasen eta etxean bigarren partidua Uribealdearen kontra izango da. Egutegian gorriz jarri behar diren beste bi partidu Gernikaren eta Zarautzen aurkakoak dira. Gernikaren aurka azaroaren 19an jokatuko dute, Urbietan, eta Zarautzen aurka azaroaren 26an jokatuko dute, Landaren. Aurreko bi urteetan Hernani ez zen igoera fasera sailkatu eta ez da erraza izango sailkapena lortzea. Ordizia da euskal talde bakarra Ohorezko Mailan eta horrek gogortu egiten du multzoa.

 

Aurreko urteko formatu bera izango du ligak

Liga erregularrean bi fase izango dira. Lehenengo hiru sailkatuak igoera fasean sartuko dira, elite taldean, beste bi multzoetako sei onenekin. Zortzi jardunaldi jokatuko dituzte eta lau lehenengoek playoff-a jokatuko dute finalerdiekin eta finalarekin. Finalerdietan lehenengoak, laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak, hirugarrenaren aurka partidu bakarrera hobekien sailkatua dagoenaren zelaian. Finala ere partidu bakarrera jokatuko da aurreko fasean hoberen sailkatu den taldearen zelaian.

Txapelduna zuzenean igoko da Ohorezko Mailara eta azpitxapeldunak promozioa jokatuko du Ohorezko Mailako azkenaurreko sailkatuaren kontra.

Lehenengo hiru postuetan sailkatzen ez diren taldeek bigarren fasean zazpi partidu izango dituzte, aurreko faseko puntuaketarekin. Jaitsiera izango dute jokoan.

 

Helburua goiko postuetan egotea da

Hernaniren helburua hiru lehenengo postuetan sailkatzea da. Ez da erraza izango Gernika, Zarautz eta Getxo bezalako aurkariekin, baina Zarautz eta Getxo taldeen aurka etxean jokatzea suertatu da zozketan eta horrek aukerak gehitzen ditu. Hala ere, Getxo oraindik eta gehiago indartu da eta faboritoa izango da estreineko partidu horretan. Zarautz igotzetik gertu geratu zen pasa den denboraldian eta Gernika Ohorezko Mailatik dator. Beraz, helburu nagusia betetzea zaila izango da.

 

EGUTEGIA

OHOREZKO B MAILA-A TALDEA

1go jardunaldia

Irailak 24 Atsedena

2. jardunaldia

Urriak 1 Hernani-Getxo

3. jardunaldia
Urriak 8 Oviedo-Hernani

4. jardunaldia
Urriak 22 Hernani-Uribealdea

5. jardunaldia
Urriak 29 La Única-Hernani

6. jardunaldia
Azaroak 5 Hernani-Bera Bera

7. jardunaldia
Azaroak 19 Gernika-Hernani

8. jardunaldia
Azaroak 26 Hernani-Zarautz

9. jardunaldia
Abenduak 3 U. Bilbao-Hernani

10. jardunaldia
Abenduak 17 Hernani-Gijón

11. jardunaldia
Urtarrilak 14 Gaztedi-Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!