Euskoprincess hernaniarra zuzenean igandean, 'Glad Is The Day' jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 00:00

Euskoprincess izango da protagonistetako bat Cristina Enea parkean.

Donostia Kulturak jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu du iganderako, eta Cristina Enea parkea musikaz beteko da berriro ere.

Donostia Kulturak Glad is the Day jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu du igande honetarako eta bertan protagonista izango da Euskoprincess abeslari eta artista hernaniarra. Cristina Enea parkea musikaz beteko da berriro ere. 

Doako sarrerarekin, besteak beste, Euskoprincess abeslariaz gain 15 banda eta artistak hartuko dute parte musika maratoi honetan. Kontzertuak, DJen saioak, piknikak, azoka eta hau­rrentzako jarduerak izango dira 11:30etan hasi eta 20:30etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Agertoki Nagusitik igaroko diren bandak sei dira eta eskaintza koloretsua bezain jostagarria osatzen dute: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap/reggaea, Nakarren postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramirezen doinu beroak eta Señor Noren punk rocka.

Bazkalorduaren tartean, eguzkiak gogorren jotzen duenean, Josu Bukowski eta Dj Otaloraren musika aukeraketak girotuko du piknika.

 
Hondamen Sonikoa gunean ariko da artista hernaniarra

Hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako zortzi emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa gunea, bigarren agertokian, Mundaiz ikastetxerantz. Egungo hiri-joerekin bat egiten duen publiko gazteago bati zuzenduta, taldeen zuzeneko emanaldiak eta DJak tartekatuko dira: Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Gazzi (Dj) eta Yugen Kala (Djak) izango dira gazteenak liluratzen dituzten soinu globalen ordezkariak. Gaua iritsitakoan, eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban DJ gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.

Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postu izango dira. Hala nola, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Neela, Haizea Arranz Nerea, Lurgain eta Nahia Salaberria.

Larunbatean, berriz, jaialdiaren bez­peran, Gladis Aperitif izenpean Muare bikotea eta Ines DJ arituko dira Tabakalera kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Biak tokiko artistak izateaz gain, Musikagela zerbitzuaren erabiltzaileak ere badira.

 

Anarik Chillida Lekuko Boga Boga Festibalean abestuko du irailaren 9an

Anariren kontzertua 20:00etan hasiko da. Aurretik, 19:00etan, Verde Prato ariko da, eta erreleboa Julieta Venegasek hartuko dio.

Datorren irailean Boga Boga Fes­tibalaren lehenengo edizioa ospatuko da, 13 taldek parte hartuko duten musika jaialdi berria. Musika hitzordua irailaren 8tik 10era bitartean izango da Donostiako hainbat lekutan. Gainera, Chillida Lekuko zelaia hiru musika-hitzordu hartuko dituen agertoki haundi izango da.

Irailaren 9an, larunbatarekin, Verde Prato (19:00), Anari (20:00) eta Julieta Venegas (21:15) arituko dira. Sarrerak erosi ahal izango dira wegow plataformaren bidez. Gune ez­berdinetan ariko dira hiru egu­netan: Julieta Venegas, La Femme, Belako, Panda Bear & Sonic Boom, Anari, Pongo, Joe Crepúsculo, Amantes Del Futuro, Verde Prato, Simona, Marina Herlop, Núria Graham, Cabiria, Margarita Quebrada, J Martina, Hofe x 4:40, Vatocholo, Irenegarry, Marcelo Criminal, Dharmacide, Lukiek, Brava, Bariri, Tayhana, Alvva, Invt, Malakias, Hamaika, Piel Mixta eta LaMia Mari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!