Ur baretan 'Maialen' hobe moldatzen da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 22a, 00:00

Zarauzko Bandera itsas zabalean izaten da.

Seigarren postuan amaitu zuen herenegun Bilboko estropadan Nerbioi ibaiko uretan.

Hernanik bi estropada jarraian jokatu ditu pasa den asteburuan, Zarautzen eta Bilbon, eta berriz ere argi geratu da ur bareetan hobe moldatzen dela Maialen. Zarautzen, larunbatean, zazpigarren amaitu zuen eta igandean Bilbon, Nerbioi ibaiko uretan, seigarren postuan amaitu zuen. 

Itsasoan esperientzia beharrezkoa da eta hor Hernaniri taldearen gaztetasunak kalte egiten dio. Ibaian edo ur barean duten gaitasuna agerian geratzen da eta beste taldeengandik gertuago ibiltzen da. Honela, Portugalete eta Ondarroa garaitu zituzten eta Deusto bosgarren sailkatuarengandik 13 segundora geratu zen. 

Ziabogan ere seigarren ziren hernaniarrak eta larunbatean ez bezala, bigarren luze ona egin zuen traineruak. 

ETE Liga amaitzeko jardunaldiren baten faltan Hernanik zazpigarren amaitu du sailkapen orokorrean. Ligako azken estropada igandean izango dute Erandion, 14:00etan, hau ere Nerbioi ibaian, eta denboraldiko azken estropada Kontxako sailkapen estropada izango da datorren asteko asteazkenean.

 

«Emaitzei ez diegu garrantzi berezirik eman; bai ordea ikasteari»

Bi estropada horien prestaketan murgildurik, Asier Ocon entrenatzaileak, abuztu honetako estropaden laburpena egin du:

«Denetarik izan dugu abuztuan zehar. Estropadak gogorrak izan dira, baina neskek guztia eman dute. Jada, nekea antzematen zaie. Nola ez! Taldea oso gaztea da! Halere, oso gustura nago erakutsi duten jarrera eta lanarekin. Estropadak ondo ateratzen ez direnean, gai izan dira egoerari aurre egin, eta gogor entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko. Emaitzei ez diegu garrantzi berezirik eman; bai, ordea, ikasteari. Eta horregatik, arraunketa ona erakutsi dute estropada guztietan. Sentsazioak ere onak izan dira. Talde bikaina; langilea eta jarrera oso onekoa». Baikor egoteko moduko txalupa du Hernanik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!