San Joan Txiki jaiak ostiralean hasiko dira Portu auzoan hiru eguneko egitarauarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 22a, 00:00

Asto karrerak 70 urte beteko ditu aurten larunbata arratsaldean.

Hutsik egiten ez duen urteroko egitaraua prestatu du Portuko Auzo Elkarteak eta ez dira faltako: musika, umeentzako jolasak, lehiaketak, bertsolariak, herri kirolak eta festa hain berezia egiten duen asto lasterketa.

Portuko San Joan Txiki festak ostiralean hasiko dira eta igandera arte luzatuko dira hiru egunez. Pandemia behin gaindituta pasa den urtean normaltasunera itzuli ziren eta aurten Portu Auzoko Elkarte Jai Batzordeak jarraipena emango dio pasa den urteko egitarauari. Ez dago aldaketarik, baina ongi funtzionatzen duena ez omen da ukitu behar eta hori da Portuko festen muina. Portuko San Joan Txikiak abuztuko eta iraileko Hernaniko auzoetako festen hasiera izaten dira eta asteburu honetatik aurrera ia astero, urrian sartu arte, izango da festaren bat herrian zehar.

Jendea oporretatik bueltan da eta ostiraletik ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute bueltan, Portu auzoan. Ostiralean haurrentzako ekintza ezberdinak antolatu dira egun guztian zehar goiz-goizean hasita. Txupinazoa bota aurretik, Mikel Valdivia Vida, Txapeteri lore eskaintza egingo zaio eta bere omenezko loreontzi lehiaketa ere izango da arratsaldean. Txokolatada eta gero Sardina jate herrikoiak bere 31garren edizioa beteko du eta eguna ezin hobeto amaitzeko Oihan Vegak disko festarekin alaituko du auzoa.

 

Asto karrera eta jolasak, eta Laiotzekin dantzaldia

Larunbatean eta igandean izango dute jarraipena festek. Larunbatean, urteroko zitari hutsik egin gabe, Laiotz taldeak jarriko du musika; Patxin eta Potxin pailazoen arratsaldeko 19:00etako ikuskizunaren ondoren hasiko dira, eta afalondo­renean, gauerdi partean jarraituko dute. Lehenago, hala ere, izango da nahikoa zalaparta. Asto gainean egingo da karrera, 18:00etan, 70garren urtea beteko duen laster­ketan. Bada zerbait eta nahiz eta urte asko izan jendea ez da aspertzen eta ezin hobeto pasatzen du.

Igandean sagardo dastaketa, auzo bazkaria eta herri kirol jaialdia izango dira puntako kirolariekin. Sagardo dastaketa arrakastatsua izaten da eta sagardoa dastatu bitartean, XLVI. Toka eta Bote txapelketa izango da 13:00etan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, izena emateko epea 12:50etan itxiko dute. 

Bazkari herrikoia hasiko da 14:30etan. Euskal Parrilla arduratuko da bazkaria prestatzeaz «produktu freskoekin eta garaian garaikoekin», nabarmendu dute. Bazkariko txartelak ostegunera arte, abuztuaren 24ra arte, egongo dira salgai Pedro Marin. Oraindik guztiak saldu ez baldin badira, azken ordura arte itxaron dutenek, egun hauetan izango dute azkenak erosteko aukera. 

Herri kirol jaialdian neska-mutil aizkolariak ariko dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Nerea Sorondo eta Beatriz Tanco eta harrijasotzen Mikel Lopetegi 'Urra'k eta Jokin Eizmendik lehia polita izango dute harri ezberdinekin. Festa amaieran Laiotzek berriz ere dantzaldia eskainiko du eta itxiera zezen suzkoak eta azken trakak emango die jaiei.

 

PORTUKO JAIAK

OSTIRALA, ABUZTUAK 25

10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30 Haurren Parking-a. Puzgarriak, Ohe elastikoak, parke txikia eta lapikoa.

11:30 Txapeteri lore eskaintza.

12:00 Jaien hasiera suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.

13:00 Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa.

16:00-19:00 Haurren Parking-a.

17:00 Haur jokoak: Zaku karrerak, lokotxak, aulki jolasa, ura eta irinaren jolasa...

18:00 Txapeteren omenez loreontzi lehiaketa.

Jarraian, Txokolatada.

20:00 31. Sardin-jate herrikoia.

23:00 Oihan Vega disko festa.

LARUNBATA, ABUZTUAK 26

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

11:30 Haur-jolasak: zaku-karrerak, aulki-jolasa, lokotxak, ura eta irinaren jolasa, eta abar.

13:00 Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30 Umeentzako tailerrak.

18:00 LXX. Asto Karrera. 
Babeslea: Zintzarri taberna.

19:00 Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia Laiotz taldearekin.

Ondoren, denok afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

00:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

IGANDEA, ABUZTUAK 27

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

09:30 Diana txistulariekin.

12:00 Meza hildakoen alde.

12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30 Sagardo-dastaketa. Bildutako dirua Algaraklown elkartearentzat izango da. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.

13:00 XLVII. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30 Bazkaria, Euskal Parrilla-ren eskutik. Bazkarirako txartelak Pedro Mari tabernan hartu daitezke ostegunera arte.

17:30 Herri kirolak. Babeslea: Akelenea. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Nerea Sorondo, Nerea Arruti, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

00:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Tartean, zezen suzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!