Bigarren luzea luze 'Maialen' traineruari, Zarauzko estropadan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 20a, 00:00

Zazpigarren postuan bukatu zuen berriro, ziabogan Ondarroa eta Deustu gertu izan arren. Bilbon ariko dira gaur, 17:00etan hasita.

Zarautzen jokatu zuten ETE Ligako 11garren estropada, atzo goizean; eta zazpigarren izan zen Hernaniko Maialen trainerua, beste behin, 11:42 denborarekin. Ziabogara arte, Ondarroaren eta Deusturen pare izan ziren hernaniarrak, bi-hiru segundu atzetik; baina bigarren luzean ezin izan zieten eutsi, eta ihes egin zieten bi traineru bizkaitarrek: Ondarroa izan zen bosgarren (11:31), eta Deustu seigarren (11:33). Hori horrela, Portugalete bakarrik izan zuten atzetik (12:45), minututik gorako aldearekin.

Gaur daukate beste aukera bat hernaniarrek, koxkaren bat gora egiteko, eta ahal dela, denboraldiko emaitzarik onena lortzeko, seigarren postua hobetuta. Bilbon jokatuko dute ligako 12garren estropada, Ane Aizpuruaren Oroimenezko bandera, arratsaldeko 17:00etan. Bakarkako erlojupeko proba izango dute Nerbioi ibaian, Deustuko zubiaren eta udaletxeko zubiaren artean.

Sailkapen orokorrean zazpigarren jarraitzen du Hernanik, 25 punturekin. Ondarroa dauka aurretik (34), eta Portugalete atzetik (11).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!