Semifinaletara pasea ziurtatzeko aukera gaur, Endika Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 19a, 00:00

Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea izango dira aurrez aurre, gaurkoan.

Ligaxkako bigarren partidua jokatuko du hernaniarrak, Aritz Juanenearen kontra, 18:00etan Galarretan.

Ligaxka garaipen banarekin hasi ondoren, aurrez aurre ariko dira gaur Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Juanenea saldiastarra, Buruz Buruko Txapelketan. Eta sari potoloa daukate zain: irabazleak ziurtatuko du txapelketan aurrera egitea, gutxienez semifinala jokatzeko; eta gertuago izango du finalerako txartel zuzena ere.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta bigarren partidua izango da haiena. Partidu ikusgarria espero da, oso maila onean dauden bi erremontistaren artean. Joan den urtean, ikuskizuna eskaini zuten bien arteko lehian, txapelketa honetan bertan.

 

Ansa, finalerako lehian sartuta Urriza menderatu ondoren

Beste kontrario bat batu zaie Barrenetxeari eta Juaneneari, finalerako pase zuzen hori lortzeko lehian. Izan ere, garaipen haundia lortu zuen Imanol Ansa urnietarrak herenegun, Javier Urrizaren kontra (23-30), eta sei punturekin dago sailkapenean. Aurreneko postuaren lehian ariko da azkeneko jardunaldian, beraz. Urrizak, berriz, oso zaila dauka txapelketan aurrera egitea. Gaur bertan geratu daiteke kanporatuta iazko txapelduna, Juaneneak puntu bat eta Barrenetxeak bi puntu lortuz gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!