Irailaren 30ean izango da Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, eta zabalik dago izenemate epea, bertan postua jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 18a, 00:00

Hirugarren edizioa izango du azokak, Atsegindegin, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Diskoei ere egingo diete tokia aurten.

Hirugarrenez egingo dute Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, irailaren 30ean, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Izenak berak erakusten duen bezala, diskoei ere egingo diete tokia aurten, aurreneko aldiz; eta hori izango da nobedadeetako bat.

Horrela, euskal literatura eta musikagintza ezagutzera eman eta sustatzea izango da azokaren helburua. Argitaletxe, ekoizle eta sortzaileen makina bat postu izango dira azokan, eta izenemate epea zabalik dago, postua jarri nahi dutenentzat. Horretarako, abuztuaren 31 baino lehen egin behar da eskaera, helbide honetan: labur.eus/HTEi1. Zalantzarik izanez gero, jarri Doberarekin harremanetan: 662 406 692 edo dobera@dobera.eus.

Atsegindegiko babesean izango da azoka aurten ere, goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara.

Doinuele proiektuaren ekitaldi sortaren barruan ere txertatu dute Doberak antolatutako azoka. Euskera hutsezko plazen sarea da Doinuele, eta beste zazpi herritako elkarteekin batera jarri zuen martxan Doberak, duela hilabete gutxi, euskal literatura eta musikagintza sustatzeko helburuarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!