Barrenetxeak lehen garaipena lortu du buruz buruko txapelketan, Ansaren aurka, partidu ikusgarri batean

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 14a, 00:00

Endika Barrenetxeak 30-27 irabazi zuen Ansaren aurka lehenengo partidua.

30-27 gailendu zitzaion larunbatean Urnietako aurrelariari, denetarik izan zuen partiduan. Hernaniarra 20-5 jarri zen irabazten, baina Ansak 23-24 buelta ematea lortu zuen, nahiz eta azkenean Barrenetxeak irabazi.

Barrenetxea IV.ak 30-27 irabazi zion Ansa II.ari Eusko Label Torneoan zehar ikustea kostako den ikuskizunean. Pelota abiadura bizian ibili zen eta erremontistek egoera fisiko ezin hobean daudela erakutsi zuten. Zangoak ezin biziago mugitu zituzten. Atzelari hernaniarrak inoiz amore eman ez zuen Ansaren aurka bere joko konpletoa zabaldu zuen.

Barrenetxea erauntsi bat bezala hasi zen, modu bikainean jokatzen, gainera zetorkion haizetearen aurrean ezinean zebilen Ansa. Hernaniarrak ederki ateratzen, peloteatzen, defendatzen, pelota kentzen… zuen eta joko sendo horrek 15 tantoko aldea eman zion, 20-5ekoan.
Urnietako aurrelaria ez zen makurtu eta ez zuen amore eman. Partiduan sartuta jarraitu zuen eta abantaila murrizten hasi zen. 20-5etik 23-11ra pasa zen eta hortik iritsi zen norgehiagokako takadarik haundiena. Ansak 23-24koa jarri zuen partiduan. Meritu haundiko 0-13ko eta 3-19ko partzialak egin zituen. Barrenetxeak ez zuen bere maila jaitsi eta ez zituen akatsak egin. Ansaren meritua izan zen guztiz.
Partiduaren norabidea aldatu eta Ansa zen, zabaleratik aterata, Barrenetxeari min egiten ziona. Biek ala biek hamar tanto egin zituzten saketik, baina benetakoak, paretatik doazenek edo errestatzailearentzat ezinezkoak direnak. Ez zegoen inoren oparirik. 23-24an, tanto gogor eta borrokatua jokatu zuten eta Barrenetxearen alde izan zen.
Seirako partidu berri baten aurrean zeuden ikusleak. Barrenetxea berriro aurreratu zen 27-24, baina ezer ez zegoen erabakita, are gutxiago partidua nola joan zen ikusita. Ansa berpiztu egin zen, berriz ere, 27na berdintzeko, baina azken hiru tantoak atzelariaren alde erori ziren. 28. eta 29. tantoak bi pilotakada bikain eman ondoren iritsi ziren, eta azken tantoa txokotik zabalera ateratako sake milimetriko bat izan zen. 30-27koak partida zoragarria ixten zuen. Ikusleek txalo zaparrada eskaini zieten pelotariei, oso gutxitan ikusten den partidua ikusi zutela jakinik.
Ansak merezitako bi puntu lortu zituen, eta Barrenetxeak lau puntu. Biek merezi zuten garaipena, baina batek bakarrik irabaz zezakeen. Sailkapenean lehenengo bi partiduak jokatu eta gero, Juaneneak eta Barrenetxeak agintzen dute lau punturekin. Ansak bi ditu eta Urrizak ixten du sailkapena punturik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!