Juaneneak ezustean gainditu du Urriza lehenengo partiduan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 12a, 00:00

Saldiaskoak 23-30 irabazi dio Urrizari, 16-10eko markagailuari buelta emanda, Banakako ligaxkaren hasieran.

Aritz Juaneneak ezustekoa eman zuen erremonteko banakako Eusko Label Torneoko ligaxkako lehen partiduan, Javier Urrizari 23-30 irabazi ondoren. Saldiaskoak garaipenaren lau puntuak eskuratu ditu eta Urriza zero punturekin geratu da sailkapenean.

Urriza zen faborito argia katedraren arabera eta gehiago 16-10 aurretik jarri zenean, baina 2-13ko partzial batek 18-23 aurretik jarri zuen Juanenea. Gainera, partidua ixten asmatu zuen. Norgehiagoka amaitu bezain laster hunkitu egin zen eta zerura begiratu zuen Ainara Mariezkurrena Doneztebeko mendizalearen omenez. Juanenea hildakoaren laguna zen.

Partidak ordubete iraun zuen eta peloteo asko egon zen. Urriza kantxa asko estaltzen hasi zen eta alde txikiekin bere alde jarri zuen markagailua: 4-1, 8-4, 13-6 eta 16-10. Hortik aurrera aldatu zen partidua. Urriza pelota gehiago huts egiten hasi zen, eta Juanenea, alderantziz, nagusitzen eta huts gutxiago egiten. Peloteoan nagusi ikusi zitzaion saldiastarrari, 16-10ekoan hankan arazoren bat izan zuela zirudien arren. 
16-11koa tanto peloteatua izan zen eta hortik 16-18koa ipini zuen markagailuan Saldiasko atzelariak. 0-8ko partziala 18-23raino luzatu zen 2-13ko partzialerekin 20-25, 21-27 eta 23-30eko abantailei eutsi zien.

Partiduak dominio desberdineko bi zati izan zituen arren, jokoa ez zen aldatu. Batak eta besteak jo eta eutsi jokatu zuten, eta ez zuten arriskatu. Juaneneak ez zuen jokatzeko modua aldatu, eta ez zuen ohiz kanpoko ezer egin. Joko serio eta gogorra egitera mugatu zen eta horretan, Urriza baino gehiago izan zen atzokoan. Merezimendu osoz lortu zuen garaipena. 

 

Barrenetxea IV.a, Ansa II.aren aurka gaur Galarretan

Banakako txapelketaren ligaxkako bigarren partidua gaur jokatuko dute, Galarretan Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta beraz, 19:00ak aldera hasiko dute partidua faboritoetako bik. Gainera, osteguneko Urrizaren porrotak oraindik ere interesgarriagoa egiten du gaurko norgehiagoka. Irabazleak finalerako pauso garrantzitsua eman dezake. 

Barrenetxea eta Ansaren arteko partiduak klasiko bihurtu dira azken urteetan. Hainbat finalerdi eta ligaxkako partidu jokatu dituzte eta azken Masterseko finala izan zen. Finalerdietan Barrenetxea izan da garaile, baina Masterseko finala Ansak ongi irabazi zuen eta orain saltoa eman nahi du banakako garrantzitsuenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!