Doberak Ene Kantak-en emanaldia antolatu du kiroldegian irailaren 17an

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 11a, 00:00

Emanaldia oraingoan kiroldegiko pistan izango da.

'Ene Kantak Dantzan' ikuskizun bereziarekin datoz Hernanira. Bertan, abestirik dantzagarrienak eta ospetsuenak eramango dituzte oholtza gainera.

Irailaren 17an, arratsaldeko 17:30etan, Ene Kantak-en emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Hernaniko kiroldegian. 2020an Satorjator emanaldiarekin etorri ziren gurera eta oraingoan, berriz, Ene Kantak Dantzan ikuskizun bereziarekin datoz. Bertan, Ene Kantak-eko abestirik dantzagarrienak eta ospetsuenak eramaten dira oholtzara.

Nereak eta Enekok gidatuta, eta pantailan agertuko diren bideoen laguntzarekin, hainbat ipuin eta istorio ezberdin kontatuko dituzte abesti guztiak uztartuz eta dantzaldiari forma emanez. Dantza eta kolorez jositako abentura honetan, Astonauta bidelagun izango dute, etxeko txikiengan irribarrea eragin eta giroa alaitzeko. Saioan zehar, publikoak ez du tarterik izango deskantsatzeko eta, irria eraginez, Ene Kantakeko lagunek denak dantzan jarriko dituzte.

Ene Kantak taldearen helburuek Doberaren helburuekin bat egiten dute zuzen-zuzenean. Ene Kantak euskeraz haur kantak egiten dituen talde-ekimena da. Euren ideia nagusia musikaren bitartez euskeraren erabilera zabaltzea da, eta, horretarako, abesti itsaskorrak, frexkoak eta dantzagarriak konposatzen dituzte. Horrez gain, beti koreografia errazak prestatzen dituzte, txikiek imitatu eta ongi jarraitu ditzaten.

Jada ia 10 urte pasa dira Ene Kantak ekimena sortu zenetik. Txikienentzako kantuak egiteko gogoa piztu zitzaien. Dagoeneko sei disko kaleratu dituzte 10 urte hauetan, eta tartean beraien abestiekin sortutako hiru ikuskizun. Astonauta, erraldoienak, Perez sagutxoa, Birziklatzearena eta Glu eta Glu dira. Ez galdetu zergatik, gu dantzan hasten gara eta kitto dira ikuskizun horietako abesti arrakastasuenak.

Sarrerak salgai daude dagoeneko 10+1 eurotan

Dagoeneko sarrerak salgai daude 10 eurotan (+1, 11 plataformaren gastuak), hurrengo estekan: https://bibe.me/ekitaldiak-dobera-euskara-elkartea. Prezioaren zati bat, ikuskizuna ordaintzeko izango da, eta gainerakoa, Dobera Euskara Elkartea laguntzeko.

Aurten Dobera Euskara Elkarteak 30 urte bete ditu, eta hauek behar den bezala ospatzeko, adin ezberdinetarako eta mota askotako ekintzak antolatzen ari dira.

Urteurren ekitaldiak maiatzean hasi ziren eta urte amaierara arte luzatuko dira

Hasteko, maiatzean 30 urtez euskararen normalizazioaren bidean (1993-2023) erakusketa antolatu zuen Doberak. Bertan, besteak beste, Doberaren historia eta hiru hamarkada hauetan martxan jarritako proiektuak gertuagotik ezagutu ahal izan ziren. Horretaz gain, erakusketak iraun bitartean, astean zehar ekintza ezberdinez gozatzeko aukera ere izan zen: Doberako sortzaileen eta sortu berri den Burrunba gazte euskaltzaleen arteko solasaldia, Zapotxin pailazoaren emanaldia, bazkideekin batera bisita gidatua eta luntxa...

Uda ostean ere ekitaldi gehiago izango zirela aurreratu zuten elkarteko kideek eta hemen da horietako bat. Gainera, ez da azkena izango, oraindik ere sorpresa gehiago prestatu baititu euskera elkarteak datozen hilabeteetarako.

Ideia piztu eta bi urtera, 1993an, sortu zen Dobera Euskara Elkartea

Euskara elkartearen ideia, 1991ko abenduan hasi zen pizten herriko gazteen artean. Hori horrela, 1992ko apirilean euskalgintzaren munduan zenbiltzan herritarrei bilera baterako deialdia luzatu zitzaien. Handik aurrera, ostiralero-ostiralero bilerak egiten hasi ziren Biteriko sukalde gelan, txokolate artean (forma ezberdinetako txokolatea egiten aritzen ziren bertan).  Urtebetera sortu zen Dobera Euskara Elkartea, 1993ko apirilean, herrian euskeraren erabilera bultzatzeko eta euskal kultura indartzeko asmoz. Egitasmo ezberdinak hasi ziren antolatzen eta horietako bat da Kronika egunkaria bera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!