Iker Ormazabal 'Tturko' da hernaniar ordezkaria XLVII. Lizardi Sarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 10a, 00:00

Kanporaketak abuztuaren 24an eta 25ean jokatuko dira eta bigarren saioan ariko da Imanol Urbieta Musika Eskolan, 22:00etan.

Bertsolari Gazteen XLVII. Lizardi Saria aurkeztu berri da eta aurten ere Hernaniko bertso eskolak izango du ordezkaria. Iker Ormazabal 'Tturko' ariko da ospe haundiko sari honetan. Bi kanporaketa jokatuko dira abuztuaren 24an eta abuztuaren 25ean, Imanol Urbieta Musika Eskolan, 22:00etatik aurrera, eta finala, irailaren 1ean izango da Modelo aretoan 22:00etatik aurrera. Sarrera doan izaten da eta finalerako gonbidapenak egunean bertan banatzen dira, Modeloko txarteldegian, 21:00etatik aurrera. 

Guztira 16 bertsolarik hartuko dute parte sarian eta horietatik sei sailkatuko dira finalera. Abuztuaren 24an finalerako txartelaren bila jardungo dira Bittor Altube (Abadiño), Unai Mendiburu (Algorta), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Ekain Alegre (Altsasu), Amets Aizpurua (Getaria) Maddi Aiestaran (Beasain), Urko Arregi (Oñati) eta Josu Ibarguren (Oiartzun). Abuztuaren 25ean Tturkorekin batera bertsotan ariko direnak izango dira: Igor Galartza (Abadiño), Irantzu Idoate (Hazparne), Ekhiñe Zapiain (Bera), Uxue Alkorta (Zarautz), Garazi Navarro (Amoroto), Lierni Rekondo (Lasarte-Oria) eta Uxue Ostolaza (Zarautz). 

Kanporaketak nagusitzen diren bi bertsolariek zuzenean pasako dira azken saiora eta ondoren puntuaketa altuena duten hurrengo lau bertsolariak sailkatuko dira finalera.

 

Aristorena, Eizmendi, Zelaia, Agirre eta Laburu garaile 

Urumea bailarako bertsolariei Lizardi Saria ongi joan izan zaie. Honela, Hernaniko eta Astigarragako bost bertsolarik irabazi dute saria. Pablo Joxe Aristorena izan zen lehenengoa irabazten 1985ean. 1990ean Jon Eizmendik lortu zuen txapela eta hurrengo urtean, 1991n, Iñaki zelaiak lortu zuen garaipena. Bertsolari gutxik irabazi dute saria bi aldiz eta horietako bat da Unai Agirre. 1993an eta 1994an lortu zuen garaipena. Agin Laburuk ere irabazi zuen saria 2009an. Bertso eskolak ere baditu garaile gehiago Beñat Gaztelumendiren kasua bezala.

Agin Laburuk irabazi zuenetik ez du bailarako bertsolari batek saria irabazi, baina paper ona egin dutenak asko dira. Urrutira joan gabe pasa den urtean Andoni Rekondo azpitxapeldun izan zen Aner Peritzen atzetik, bertso onenaren saria lortuz. Sari hori lortutakoak dira besteak beste Andoni Mujika, Eli Pagola, Arnaitz Lasarte edota Oier Iurramendi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!