Urriza txapeldunak tituluaren defentsa hasiko du gaur Juanenearen aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 10a, 00:00

Urrizak eta Juaneneak pasa den urtean jokatu zuten eta iruindarrak irabazi zuen.

Jaialdia 16:30etan hasiko da Galarretan eta Eusko Label Torneoaren ligaxkaren lehenengo partidua izango da.

Erremontea hilabete garrantzitsuenean sartu da. Gaur jarriko da martxan Buruz Buruko Eusko Label Erremonte Txapelketaren ligaxka. Javier Urriza txapeldunak txapelaren defentsa hasiko du Aritz Juanenaren aurka. Juaneneak Azpiroz gainditu zuen pasa den larunbatean atarikoaren azken partiduan eta ligaxkan sartzeko saria lortu zuen.

Pasan den urteko lau protagonista berdinak ariko dira ligaxkan: Urriza, Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta Juanenea. Ohitura denez, ligaxkako lehenengo partidua aurreko urteko txapeldunak hasten du eta aurten Juanenea izango du aurkari. Lehenengo partidua beti da arriskutsua eta atzelari saldistarrak jokatu du dagoeneko partidu bat. Aurreko urtean Barrenetxea ataka estuan jarri zuen, nahiz eta hernaniarrak azkenean partidua aurrera atera 30-29. 

Urrizak ezagutzen ditu lehenengo partiduen arriskuak eta horregatik aterako da kontzentraziorik altuenarekin. Juanenearen aurkako aurrekariak bere aldekoak dira. Azken bi edizioetan Urrizak erraz gainditu zuen Juanenea. Aurreko urtean 30-23 irabazi zuen Iruñeko aurrelariak eta orain bi urte garaipena oraindik eta errazagoa izan zen, 30-17. Masters txapelketan ez zuten jokatu eta beraz urtea pasa da azken buruz burukoa jokatu zutenetik. Urrizak binakako azken partiduetan, Galarretan, ez du bere mailarik onena eman, baina banakakoan behetik gora joaten den kirolaria da. Faboritoa da gaur ongi irabazteko.

Gaurko jaialdian ere binakako beste bi partidu jokatuko dira. Hirugarrenean Ansa eta Zalduak, Aldabe eta Azpirozen aurka jokatuko dute.

 

Txapelketako bigarren partiduan, Barrenetxea IV.a Ansa II.aren aurka

Txapelketak larunbatean jarraituko du bigarren norgehiagokarekin. Bertan, Barrenetxeak eta Ansak neurtuko dituzte indarrak. Azken urteotako klasikoa bihurtu den beste duelua. Lehenengo partidua beti izaten da garrantzitsua, ez beti erabakiorra, eta erremontisten sasoia erakusten du. Ansak Masters txapelketa irabazi zuen Barrenetxearen aurka eta finaletik gertu izan da azken urteetan. Aurten nahi du beste pauso bat eman eta gutxienez finalera sailkatu. Lehenengo pausoa Barrenetxeari irabaztea izango da, baina atzelari hernaniarrak bere hirugarren txapela nahi du eta bigarren faboritoa da txapela janzteko. Larunbateko jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da. 

Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pelotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuaketa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko; 30 tantora iristen den erremontariak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pelotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Irailerako geratuko dira jardunaldi garrantzitsuenak. Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontarien artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantura jokatuko dute partidua, iraileko lehenengo larunbatean. Azkenik, irailaren 9an jokatuko dute final haundia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partidua irabazten duen pelotariaren arteko lehia izango da Galarretan. 

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Urriza, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari nafarrak, Ansa IIren eta Barrenetxea IVren konpetentziarekin, batik bat.

 

Galarretan gero eta jende gehiago eta giro hobea

Txapelketa esanguratsuena izaten da banakakoa eta hori nabaritzen ari dira Galarretan. Gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen frontoira. Oriamenditik diotenez. «Aurreko astean ostegunean giro oso ona izan zen, baina larunbatean oraindik ere hobea. Sarrera onak lortu ditugu, baina oraindik ere hobeak izatea espero dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!