Hartubol saio ederra egin zuten Ave Maria parkean Goiz Eguzkiko kideek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 7a, 00:00

Hartuboleko taldeak bigarren saio bat antolatuko du, Zurriolako hondartzan jokatzeko.

Goiz Eguzkiko udarako ekintzak giro ederrean egiten ari dira. Hartubol taldeak antolatutako saioa izan daiteke adibideetako bat. Ave Maria parkean jarri zuten sarea, eta bertan aritu ziren jokatzen urtean zehar parte hartzen duten jokalariak, gerturatu ziren pertsonekin nahastuta. Adin mugarik gabe. 

Bi kantxa jarri zituzten parkeko belardian, eta lau talde osatu zituzten bertaratu zirenen artean. Hala, Ordu t'erdiz Hartubolera jokatzen aritu ziren, eguraldi txarrak jokoa amaitzea eragin zuen arte. Hala ere, partidu txukunak jokatzeko tartea izan zuten guztiek.

Hartubol taldeko kideek bigarren saio bat prestatzeko intentzioa dute orain. Eguna oraindik zehazteke dagoen arren, Zurriolako hondartzan jarriko dituzte kantxak: «Bertan ikusi ahal izango da beraien jokoa eta trebezia, ikusleen harridurarekin batera». 

Urriaren 1ean izango da Nagusien Eguna

Goiz Eguzkiko egitarauarekin jarraituta, urriaren 1ean izango da aurten Nagusien Eguna. Atsegindegik egingo dute ospakizun ekitaldia, eta bazkari baten bueltan elkartzeko proposamena egin dute. Bazkariko txartela irailaren 4tik 18ra erosi ahal izango da, abuztuan bulegoak itxita daudelako. 

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Goiz Eguzkiko txartela aurkeztea eta urteko kuota ordainduta izatea. Hala, pertsona bakoitzari 20 euro kobratuko zaizkio zuzenean kontu korrontetik, eta Goiz Eguzkik ordainduko ditu hortik gorako gastu guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!