Ordiziaren erantzuna aztertu ondoren, hartutako erabakian berretsi da Hernaniko Errugbi Elkartea

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 7a, 00:00

Ordu korapilatsuak izaten ari dira Hernaniko Errugbi Elkarteko bulegoetan. Ordiziarekin harremanak etengo zituztela jakinarazi zuten, Goierriko taldeak erantzun egin du, eta hartutako erabakian berretsi da Hernani.

Mugimendu haundiko orduak izaten ari dira egun hauetan Hernaniko Errugbi Elkarteko bulegoetan. Ostiral arratsaldean argitaratu zuten lehenengo komunikatua, Ordizia Rugby Elkartearekin «harreman guztiak etengo» dituztela adieraziz. Une horretatik aurrera, Goierriko taldeak erantzun egin du komunikatu baten bidez, haien fitxaketa politikari buruzko argibideak ematen; eta, erantzuna aztertu ondoren, harremana eteteko erabakian berretsi da Hernani. 

Ordizia Rugby Elkarteak zenbait argipen egin nahi izan ditu argitaratutako komunikatuaren bidez. Nabarmendu dute «zoritxarrez, momentu honetan Estatuko lehen mailan dagoen Hego Euskal Herriko talde bakarra» dela, eta euskal jokalari gehienak «kirol arrazoiengatik» joaten direla Ordiziara, «ez arrazoi ekonomikoengatik». 

Goierriko klubetik lau pausutan xehetu dute jarraitzen duten fitxaketa politika, euskal kirolariak interesatu ezkero erabiltzen dutena: hasteko, jatorrizko klubeko zuzendaritzarekin jartzen dira harremanetan; ondoren, zuzendaritzak jokalariari ezer esango ez balio, jokalariarekin hitz egiten dute, «interesaren berri izateko eskubidea» duelako; eta, azkenik, jokalaria bada Ordizian jokatzeko eskaintzen dena, jatorrizko taldeari jakinarazten diote. Bestalde, azpimarratu dute «beti hartzen dutela kontuan jatorrizko taldearen egoera».

Hernaniren lehenengo komunikatuak «harrituta» utzi du Ordiziako Zuzendaritza, eta egoeraren iturburua ulertzeko gakoak eman ditu: «Azken hilabeteetan gure Kirol Zuzendaritza taldea Hernaniko jokalari bat gurekin jokatzeko interesgarria izan zitekeelakoan Hernaniko Zuzendaritzara joan eta gure interesa agertu zitzaien. Haiek argitu ziguten funtsezko jokalaria dela, eta proposamenik ez egiteko eskatu zitzaigun. Arrazoiak aztertuta, jokalariarekin harremanetan ez jartzea erabaki genuen».

Ordiziak jakinarazi du «ez dutela Hernanirekin harremanak eteteko asmorik».

 
«Ulertzen dugu talde goierritarrak ez duela inongo asmorik bere jarrera edo fitxaketa politika aldatzeko»

Ordiziak igorritako azalpenak aztertuta, bigarren irakurketa bat argitaratu du Hernaniko Errugbi Elkarteak. Zorrotz agertu da Zuzendaritza, eta adierazi dute lehendik hartutako erabakian berresten dela Hernani: «Aurreko komunikatuan aipatu genuen bezala, Ordizia Rugby Elkartearekin eduki ditzakegun harreman guztiak etenda gelditzen dira».

Trikoloreen zuzendaritzak ere puntuz puntu erantzun dio Ordiziari; erabakian berresteko zergatiak azalduz. Goierriko taldearen fitxaketa politika gogor kritikatu dute; lehenik, Ordiziaren fitxaketa prozedurako bigarren pausua salatu dute, jokalariarekin zuzenean harremanetan jartzearena, «ez baitugu ulertzen lehen pausuak zein balio duen, bigarrenera pasatzea aurreikusita badaukate».

Jatorrizko taldearen egoera kontuan hartzearena ere zalantzan jarri du Hernanik: «Gure kasuan argi dago azterketan ez dutela asmatu, ez baitgaude jokalariak galtzeko egoeran. Berez, ez gara inoiz egon egoera horretan, gehiengoak daki etxeko jokalariekin aritzen garela txapelketan».

Kasu zehatzak aztertzeko tartea ere hartu du Hernaniko Zuzendaritzak bigarren komunikatuan: «Ordizian jokatzeko eskaera pertsonala egin duen jokalari bakarra, guk dakigula behintzat, XG izan da. Bai MP eta bai IG Ordiziatik deituak izan ziren. Orain AEk izan behar zuen deitua; beraz, iruditzen zaigu jokalari batzuk bere kabuz joan direla adieraztea ez dela zuzena».

Amaitzeko, gainontzeko euskal klubei bidali die mezua Hernanik: «Argitu beharko lukete ea beraien klubetik Ordiziara joan diren jokalariak haien kabuz joan ote diren, edo aurretik Ordiziatik deituak izan diren».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!