«Teknikoki eta fisikoki aurrerapausuak eman nahi ditut kantxan gozatzen jarraitzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 7a, 00:00

Xabi Apaolaza, partidu batean.

Udara polita pasatzen ari da Xabi Apaolaza hernaniarra. Urte hasieratik emaitza onak lortu ditu parte hartu duen txapelketetan, eta hobetzen jarraitzeko motibatuta dago. Zumaian jokatuko du hurrengo txapelketa, Ekain Lizeaga astigartarrarekin batera.

Denboraldi txukuna osatzen ari da Xabi Apaolaza hernaniarra. Jada hiru txapelketa irabazi ditu CD Hernaniko aurrelariak, eta begibistan ditu hurrengo erronkak. Entrenamenduetan serio jarraitzeko gogotsu eta motibatuta dago Apaolaza, teknikoki zein fisikoki aurrerapausuak emateko.


Duela pare bat aste irabazi zenuen azken txapelketa. Zer moduz zaude?

Entrenatzen jarraitzen dut. Udaran dexente ari naiz entrenatzen, serio aritu nahi dut. Argi dago goran ibiltzeko lana egin behar dela, bakoitzaren akatsak hobetzeko eta kantxan gozatzeko. Horregatik ari naiz gogor entrenatzen, helburua kantxan gozatzea delako, ez hainbeste emaitza. 

Dena den, suposatzen dut emaitzek laguntzen dutela motibazioa mantentzeko...

Bai, noski. Aurten emaitzak laguntzen ari dira, eta asko motibatzen nau. Horrek ere ematen dit lan gehiago egiteko gogoa. 

Hiru txapel atera dituzu denboraldi honetan. Antzeko txapelketak izan dira? Nola oroitzen dituzu?

Lehenengoa Gipuzkoakoa izan zen. Eskerrak eman behar dizkiet Markel Lizeagari eta Paul Ojueli haiekin jokatzen uzteagatik, ordura arte ez bainuen ia inoiz maila horretako partidurik jokatu; asko ikasi nuen. Gipuzkoako Lehenengo Mailako txapelketetan partidu guztiak izaten dira oso gogorrak. Urte hasieran izan zen eta, batez ere, irakaspen modura balio izan zidan. 

Gero Zaramagakoa eta Errenteriakoa etorri ziren. Zaramagakoa berez ez nuen jokatu behar, baina batenbatek mina hartu zuelako deitu ninduten. Bi partidu oso on egin nituen, baina finalean bai nabaritu nuela urduritasuna, ez nintzen guztiz gustura geratu kantxan egindakoarekin. Azkenik, Errenteriako txapelketari dagokionez, oso txapelketa ona izan da, oso pozik nago hori irabaztearekin. Promesa mailan oso pelotari indartsuak zeuden, eta Peñalver eta biok bikote sendoa osatu dugula iruditzen zait. Oso pozik nago txapela etxera ekarri izanagatik.  

Azken finalean ez zineten faborito argiak. Nola kudeatu zenuten hori? 

Bagenekien partidu oso zaila izango zela, baina bakoitzak bere maila ematen duenean beti izaten ditu aukerak partiduak irabazteko. Nik finalak gozatzeko hartzen ditut, ahal dudan maila onenean gozatzea izaten da nire helburua, eta besteak hobeak badira ba irabazten dute eta kitto. Partidua hasi aurretik oso zaila izango zela pentsatzen nuen, baina denbora aurrera joan ahala aukera gehiago ikusi nituen irabazteko. Peñalver eta biok asko motibatu ginen hasiera ona egin genuelako, eta azkenean txapela etxera ekartzeko zortea izan genuen. 

Jende pixka bate ere mugitu zenuten, ezta?

Bai, bai! Jende dexente joan zen, herriko gazte asko eta tabernan ibiltzen diren batzuk ere bai. Horregatik ere oso pozik nago, indar haundia ematen dizute, une txarretan ere animatzen jarraitzen dutelako. 

Serioago ari zara entrenatzen azkenaldian. Zertan oinarritzen da aldaketa?

Bai, hori da. Udaran espezifikoago entrenatzen hasi naiz, teknikoki hobetzeko eta fisikoki aurrerapausuak emateko. Maila jakin batera iristen zarenean ikusten duzu fisikoki ahalik eta ondoen egon behar duzula, eta teknikoki ezin direla akats asko egin. Hori segituan nabaritzen duzu; partiduetan ere fisikoki ez bazaude zure onenean ez duzu guztia ematen. 

Hori ikusita, txipa aldatzea erabaki dut. Iruditzen zait badela momentua fisikoki eta teknikoki onenean egoteko. Nahiz eta denboraldi txukuna egiten ari naizen, argi daukat oraindik gauza asko dauzkadala hobetzeko, eta horiek fintzeko lanean jarraituko dut. 

Hernaniko pelota taldean umetatik aritu zara. Nola ikusten duzu orain kluba? 

Esango nuke Hernaniko pelota maila nahiko ondo dagoela. Senior mailan oso talde polita daukagu entrenamenduak egiteko, haiei ere eskerrak eman behar dizkiet, haiek gabe ez zirelako halako emaitzak iritsiko. Talde polita izateaz gain, entrenatzaileak ere beti laguntzeko prest daude.

Gazteetan ere ikusten dut jende ona badatorrela; horiei lanean jarraitzeko esango nieke, motibatu eta pelotan gustura aritu daitezen. 

Bukatzeko, zein da zure hurrengo erronka?

Hurrengo txapelketa Zumaiakoa izango da; nahiko garrantzitsua da. Astigarragako Ekain Lizeagarekin jokatuko dut, eta ahalik eta maila onena ematea da asmoa. Esan bezala, nahiko txapelketa serioa da; beraz, ea ondo iristen garen jokatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!