Etxeratek deitutako mobilizaziora joateko autobusa 11:00etan aterako da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 6a, 00:00

Euskal Herriko hamabost hondartzatan egingo dira protestak. Hernanitik irtengo den autobusa Orioko hondartzara joango da.

Aurten ere Euskal Herriko hondartzak aldarrikapenez betetzeko deia egin du Etxeratek. Gaur eguerdian Euskal Herriko hamabost hondartzatan egingo dituzte manifestazioak, «oraindik indarrean dauden salbuespen neurriekin amaitzeko eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoei aplikatzen jarraitzen zaizkien eskubideen urraketarekin bukatzeko». 

Hernanitik autobusa goizeko 11:00etan abiatuko da, Presoen Senideen lokaletik (Aristizabal, 5), eta bat egingo du Orioko hondartzan eguerdiko 12:00etan egingo den manifestazioarekin. 

Etxeratetik parte hartzeko gonbita egin diete herritar guztiei, eta aurtengo protestetan izango diren berritasunak nabarmendu dituzte: «Protesta ikusgarria izaten da hondartzetakoa. Aurten, ordea, bada bestelako berritasunik; izan ere, lehenengoa izango da preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu dituztenetik». 

Egoera horren aurrean, 'Etxera!' leloak ordezkatuko du iazko 'Salbuespen politikari stop' esaldia: «Halaber, banderola berriekin hartuko ditugu hondartzak; Etxera da, hain justu, egungo banderoletan irakur daitekeen mezua». 

Orioko hondartzako ekitaldiaz gain, manifestazioak izango dira ondorengo herri eta hirietako hondartzetan: Mundaka, Laga, Laida, Lekeitio, Ondarroa, Ea, Bakio, Muskiz-Zierbena, Donostia, Zarautz, Hondarribia, Mutriku, Orio, Deba eta Hendaia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!