Erreakzio kate luzea sortu du sare sozialetan Iñigo Llopisen ospakizunak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 6a, 00:00

John Cena borrokalariak famatutako ospakizuna egin zuen Llopisek, eta Cenak berak erantzun dio.

Sekulako marka lortu zuen pasa den asteazkenean Iñigo Llopis Hernaniarrak Munduko Paralinpiar Txapelketan. 100 metro bizkarreko lasterketa lehenengo postuan amaitu zuen Llopisek, eta azken luzea bukatu orduko ospakizun xelebre bat egin zuen igerilekuan; eskua aurpegiaren aurretik pasa zuen makina bat aldiz.

Gaizka Toquero futbolariak ere halaxe ospatzen zituen golak; baina urrutixeagotik dator ospakizunaren jatorria. Izan ere, WWE ospetsuko John Cena borrokalari eta aktoreak egin zuen ezagun ospatzeko modu hori.

Llopisen bideoak sekulako oihartzuna izan du sare sozialetan; Twitterren, batik bat. Eta, nola ez, John Cena berari ere iritsi zaio bideoa. Cenak, argitalpena elkarbanatzeaz gain, mezu bat bidali nahi izan dio Llopisi: «Grinak eta nahiak, berez, ezin dute arrakasta bermatu. Zintzotasuna eta osotasuna behar dira, eta, are garrantzitsuagoa dena, lana edozein gauzatan arrakasta izateko.

Gazte honek hori guztia eta gehiago egin du dagoen lekura iristeko. Zorionak urrezko dominagatik eta inoiz ez amore emateagatik!»
.

Erreakzioak erreakzio, Paralinpiar Jokoetara joango da

Urrezko domina eskuratuta, Munduko Txapelduna da Iñigo Llopis. 1:05,32 izan zen Manchesterren lortutako marka, eta egindako lan onak Parisko Paralinpiar jokoetan egoteko aukera emango dio igerilari hernaniarrari.

Llopisek dagoeneko badaki zer den halako ekitaldi haundi batean lehiatzea; izan ere, bigarren postua eta zilarrezko domina lortu zituen Tokioko Paralinpiar Jokoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!