Hernani sakonago ezagutzeko aukera izango dute 65 urtetik gorako pertsonek, abuztuko ekintzekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 6a, 00:00

Hiru ekintza antolatu dituzte abuzturako. Lehenengoa hilaren 16an izango da, 'Hernani ezagutu' dinamikarekin. 

Udako ekintzek jarraipena izango dute abuztuan. Hernaniko Udalak aste honetan aurkeztu du 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako jarduera programa, eta hiru ekintza izango dituzte. Ekintza hauekin Udalaren helburua da «gazteek eta haurrek bezala, adinekoek ere sozializatzeko, parte hartzeko eta ondo pasatzeko gune bat izatea». 

Abuztuko agendan 'Hernani ezagutu' eguna izango da lehenengoa. Abuztuaren 16an egingo dute bisita gidatua, eta Hernaniko barrunbeak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, egun horretan bertan eman beharko da izena gainontzeko ekintzetarako, plaza mugatuak izango baitira. 

Abuztuaren 23an izango da bigarren saioa, mahai jokoekin eta bingoarekin. Bertan gehiago sozializatzeko aukera izango dute adinekoek. Azkenik, abuztuaren 30an egingo dute itxiera saioa, oraingoz argitaratu gabe dagoen jarduera berezi batekin. 

Saio guztiak asteazkenetan izango dira, goizeko 10:00etatik 12:00etara, Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!