Martxan jarri dituzte Mañe i Flaquer plaza eraberritzeko lanak, irisgarritasuna eta argitasuna hobetzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 6a, 00:00

Lau hilabeteko iraupena izango dute plaza eraberritzeko obrek.

Martxan jarri dituzte Mañe i Flaquer plaza eraberritzeko lanak, irisgarritasuna eta argitasuna hobetzeko

Aste honetan bertan hasi dituzte Mañe i Flaquer plaza eraberritzeko obrak. Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, lanek lau hilabeteko iraupena izatea da aurreikuspena, eta obrak irauten duen bitartean aparkalekua mugatuko dute plazaren inguruan; obrako materiala eta makinak jartzeko eta kamioien igarobidea ahalbidetzeko. 

Gauzatuko den proiektuaren diseinuan auzotarren iritziak kontuan hartu ditu Udalak, eta parte hartze aktiboa izan dute lanaren diseinuan: «Zenbait saio egin dira, eta Udalak aurkeztutako aurreproiektuari egindako ekarpenak txertatu dira proiektuan». 

Parte hartze saio horietatik eratorritako ondorioak txertatu ondoren, honako aldaketak izango direla azaldu du Udalak: «Plazari argitasun gehiago eman eta egun dauden irisgarritasun gabeziak konpontzea da helburua».

Bi eremu izango ditu plaza berrituak, eta bakoitzak erabilera bat izango du: «Beheko aldeak lorategi baten antza izango du, belarra eta zuhaitzekin. Goiko aldean, ostera, kirola egiteko eta jolasteko eremua izango da. Batetik bestera igarotzeko pasabide eta guzti». Horrez gain, «koexistentzia gune bat» ere sortuko dute eremu horretan, Kulturarteko Plaza Feministaren eraikinarekin lotzen duen errepidean: «Zorua margotuko da oinezkoei lehentasuna eman eta ibilgailuen abiadura murrizteko asmoz». 

Eskuhartzeak egin ditu Udalak zenbait auzotan

Mañe i Flaquer plazako obrak hasteaz gain, zenbait eskuhartze egin ditu Hernaniko Udalak udarako hilabeteetan zehar. Elizatxo eta Zikuñaga auzoetako parkeak guztiz berritu dituzte, egungo segurtasun araudira egokitutako jolasekin. Parkeko elementu guztiak aldatu dituzte bi auzo horietan.

Bestalde, pintaketa lanak egin dituzte Floridako, Sorgintxuloko, Epeleko, Portuko eta Bidebietako parkeetan. Gainera, Portuko, Kiroldegiko eta Atsegindegiko parkeetako lurzorua konpondu dute, eta Ave Mariako parkeko tirolinaren kablea eta eserlekua berritu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!