«Harreman guztiak» eten ditu HCREk Ordizia Rugby Elkartearekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 5a, 00:00

Hernaniko Errugbi Elkartetik azaldu dute «ez daudela ados gainontzeko taldeen jokalariekiko aplikatzen ari diren politikarekin».

Atzo arratsaldean iragarri zuen Hernaniko Errugbiko Elkarteak «harreman guztiak» etengo dituela Ordizia Rugby Elkartearekin, Zuzendaritza Batzordearen erabakiz. Komunikatu baten bidez azaldu dute ez daudela ados «gainontzeko taldeen jokalariekiko praktikatzen ari diren politikarekin»: «Gainontzeko taldeetan nabarmentzen diren jokalariak kontratatzen dituzte, jatorrizko klubentzat suposatzen duen izugarrizko jendarte galerarekin. Gure kasuan, adibidez, ez daukagu kontra eskaintza bat egiteko baliabide ekonomikorik jokalaria jatorrizko klubean gera dadin».

Egoera errepikakorra dela salatu dute Hernaniko Errugbi Elkartetik: «Ez da lehenengo aldia izan, eta, ziurrenik, ezer ez egitekotan, egoerak horrela jarraituko du eta ez da azkena izango. Zoritxarrez, ezin dugu egoera onartu».

Gauzak horrela, inolako aldaketarik ez den bitartean, ez dute Ordiziako klubarekin harremanik izango: «Guzti honengatik, aurretik aipatu dugun moduan, gainontzeko taldeen jokalariekiko politika aldatu ezean, Ordizia Rugby Elkartearekin eduki ditzakegun harreman guztiak etenda geldituko dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!