Juanenearen eta Azpirozen artean jokatuko dute ligaxkarako azken txartela

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 5a, 00:00

Onenen ligaxkara batuko da Azpiroz-Juanenea partiduko irabazlea.

Urriza, Barrenetxea IV eta Ansa II zain daude ligaxkan, eta gaur beteko da hutsik geratzen den postua.

Gaur bertan erabakiko da Galarretan nork beteko duen Buruz Buruko Eusko Label Txapelketako ligaxkako azken lekua. Azpirozen eta Juanenearen aurkako partidua izango da, eta irabazten duenak eskuratuko du aurrera egiteko txartela. 

Juanenearentzat lehenengo partidua izango da; ez ordea Azpirozentzat. Atzelari nafarrak ostegunean jokatu zuen aurreligaxkako partidua, Larrañagaren aurka. Erregulartasunak eta segurtasunak eraman zuten Azpiroz garaipena lortzera. Partidua oso parekatua joan zen erdialdera arte, 14-14 berdinduta iritsi ziren ekuatorera, baina hortxe desorekatu zen balantza. Azpirozek 10-1 tantoko partziala egitea lortu zuen, eta Larrañagak ezin izan zuen zulo haundi hori itxi; azkenean, 30-21 irabazi zuen Azpirozek. Partiduko tanto ikusgarrienak Larrañagaren jokaldietatik atera ziren, baina ez zen nahikoa izan Uitziko atzelariaren sendotasuna hausteko.

 

Onenen artera sartuko da gaur irabazten duena

Gaurko partiduak sari potoloa emango dio irabazleari. Postu bakarra geratzen da betetezeko Buruz Buruko Txapelketako ligaxkan, eta momentuko erremontari onenek lehiatuko dute bertan. Zain daude jada Urriza, Barrenetxea IV eta Ansa II, eta hilaren 10ean ekingo diote txapelketari. 

Ligaxkako erremontari guztiek elkarren aurka jokatuko dute, eta sailkapeneko lehenengo hirurak igaroko dira hurrengo fasera. Zehazki, lehenengo sailkatuak finala jokatuko du zuzenean, eta hurrengo biek finalaurreko partiduan neurtu beharko dituzte indarrak, partidu bakarrera. Txapelketako jardunaldi garrantzitsuenak irailean jokatuko dituzte; irailaren 2an izango da finalaurreko partidua, eta irailaren 9an final haundia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!