Euriak ez zuen Bitartean taldearen kontzertua ekidin, eta irailean izango du jarraipena Burrunbaren egitasmoak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 4a, 00:00

Burrunba Hernaniko Gazte Euskaltzale Taldeak antolatutako bigarren kontzertua izan zen atzokoa. Eguraldi txarra egin bazuen ere, giro polita sortu zuten Bitartean taldeko kideek Goiz Eguzkin.

Eguraldia ez zuten lagun izan atzoko kontzertuan Bitartean taldeko kideek. Burrunba Hernaniko Gazte Euskaltzale Taldeak antolatuta, kontzertua eskaini zuen talde hernaniarrak, Goiz Eguzkin. Trabak traba, herritarrak kontzertua entzutera bertaratu ziren, eta giro polita sortu zen iraun zuen denbora tartean. 

Burrunbak antolatutako bigarren kontzertua izan zen atzokoa. Lehenengoa aurreko asteko ostegunean egin zuten, Nahia Valle abeslari hernaniarraren eskutik. Kontzertu hauekin euskerazko kultur eskaintza indartu eta areagotu nahi izan du Burrunbak, eta erantzun ona jaso dute herritarrengandik. 

Atzoko kontzertuan ere zenbait produkturen zozketa egin zuten, saritu bat baino gehiagorekin. 

Hirugarren kontzertua irailean izango da

Burrunbak antolatutako udako kontzertuek jarraipena izango dute datorren hilabetean. Burrunbak iragarriko du sare sozialen bidez zein musika talde izango den iraileko kontzertua eskainiko duena, baita eguna eta ordua ere. Kokalekuari dagokionez, iraileko kontzertua ere Goiz Eguzkin izango da.

Hortik aurrera, urtea amaitu aurretik ekintza gehiago antolatzeko asmoa du Burrunbak. Harrera ona izan dute orain arte antolatutako ekitaldiek eta egindako proposamenek; beraz, euskarazko eskaintza gehiago egingo dituzte gazte euskalzaleek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!