Martxan daude berriro Hernaniko futbol eta errugbi taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 3a, 00:00

Arratsaldeko 19:30etan hasiko dute kontzertua.

Aurredenboraldia hasi zuten asteartean Hernaniko talde nagusiek. Denboraldi polita dute aurretik.

Udako oporraldiaren ondoren, berriro martxan jarri dira Hernaniko futbol eta errugbiko talde nagusiak. Aurreko denboraldiko oroitzapenak ahaztu, eta bide berria egitea da taldeen asmoa; kategoria zahar eta berrietan. 

Futbolarekin hasita, iazko denboraldia hobetzeko lanean hasi da Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldea. Aldaketa ugari izango ditu taldeak denboraldi berrirako, jokalari garrantzitsu batzuk ez dute kamiseta berdea janzten jarraituko, eta entrenatzailearen aulkian ere aurpegi berri bat izango dute. Aurpegi berri hori ongi ezagutzen dute, ordea, taldekide guztiek; Aritz Lujanbio izango baita gizonezkoen lehenengo taldeko entrenatzailea. Joxeja Oiarbide, berriz, laguntzaile gisa arituko da. Denboraldi bikaina osatu zuen Lujanbiok aurreko denboraldian, emakumezkoen lehenengo taldearekin igoera lortuta. 

Euskal Ligan jokatuko du aurten emakumezkoen taldeak. Iazko denboraldi onari jarraipena eman nahi diote jokalariek, eta talde gazte batekin lehiatuko dute. Aritz Lujanbioren lekukoa Mikel Manzisidorrek hartuko du, emakumezkoen taldeen koordinaziotik lehenengo entrenatzaile izatera pasata. 

Errugbiko talde gehienak segituan jarriko dira martxan

Errugbi talde nagusiak ere martxan jarri dira dagoeneko, aurredenboraldiko lehenengo entrenamenduekin. Seniorrek jokoan ezer izan gabe amaitu zuten aurreko denboraldia, eta hori aldatzeko helburuarekin hasiko dute aurtengoa. Lehenengo fasean emaitza onak lortzea ezinbestekoa izango da trikoloreentzat, onenekin lehiatu eta helburu haundiagoak lortzeko aukera izateko. 

23 urtez azpikoek ere hasi dute aurredenboraldia, eta segituan jarriko dira martxan gainontzeko taldeak. Honakoak dira data zehatzak: 18 eta 16 urtez azpikoak abuztuaren 21ean hasiko dira; 14 urtez azpikoak abuztuaren 18an, 12 eta 10 urtez azpikoak irailaren 1ean; eta Errugbi Inklusiboko taldea irailaren 6an. 

Ilusio haundia dute aurten ere Hernaniko errugbi taldeek, eta iazko emaitzak hobetzeko asmoz ekingo diote trikolore guztiek 2023-2024 denboraldiari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!