Datorren astean hasiko da Buruz Buruko Eusko Label Txapelketako ligaxka

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 3a, 00:00

Chillida Lekuko eta Oriamendi 2010eko ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean.

«Urteko txapelketa garrantzitsuena» martxan dago jada. Aurreligaxka irabazten duen erremontariak osatuko du ligaxka, dagoeneko zain baitaude iazko garailea, Urriza, Barrenetxea IV eta Ansa II. Finala irailaren 9an jokatuko dute.

Astearte arratsaldean aurkeztu zuten, Chillida Leku museoko eskulturen artean, urteko erremonte txapelketa garrantzitsuena; Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa. Momentuko erremontari onenak nor baino nor arituko dira txapelketa honetan, irailaren 9ko finalean txapela janzteko asmoarekin. Bertan izan ziren Chillida Lekuko eta Oriamendi 2010 enpresako ordezkariak, eta kirolariei harrera egiteaz gain, txapelketaren garrantzia nabarmendu zuen Xabier Gonzalezek: «Urteko txapelketa garrantzitsuena da. Zorionez ez daukagu bajarik, eta onenek jokatuko dute».

Txapelketa uztailaren 18an abiatu zen, lehenengo faseko partiduekin. Iazko txapelketako emaitzen arabera sartu dira erremontariak jokoan, eta lehenengo fasetik Larrañagak lortu zuen Aurreligaxkara igarotzea. Azkoitiarrak 30-22 irabazi zuen Eskuderoren aurka, 29-30 Martirenaren aurka, eta 22-30 Goikoetxea V.ren kontra. 

Gaur bertan hasiko da Buruz Buruko Eusko Label Txapelketara sailkatzeko Aurreligaxka. Larrañaga eta Azpiroz arituko dira buruz buru, hurrengo partidurako txartela lortzeko. Irabazten duen erremontariak larunbatean jokatuko du partidu erabakigarria, Juanenearen kontra. 

Hortxe amaituko dira koplak. Izan ere, larunbateko partidua irabazten duenak Ligaxka jokatzeko ohorea izango du, momentuko hiru erremontari onenekin batera. Jada zain daude Urriza, Barrenetxea IV eta Ansa II, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak. Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pelotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuaketa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko; 30 tantora iristen den erremontariak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pelotaria txapelketatik kanpo geratuko da. 

Chillida Lekun aurkeztu zuten Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa.
 

Irailerako geratuko dira jardunaldi garrantzitsuenak. Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontarien artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantura jokatuko dute partidua, iraileko lehenengo larunbatean. Azkenik, irailaren 9an jokatuko dute final haundia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partidua irabazten duen pelotariaren arteko lehia izango da Galarretan. 

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Urriza, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari nafarrak, Ansa IIren eta Barrenetxea IVren konpetentziarekin, batik bat.

BURUZ BURUKO TXAPELKETA

GALARRETA


AURRELIGAXKA

Abuztuak 3 
Azpiroz-Larrañaga

Abuztuak 5 
Juanenea-Aurreko garailea

LIGAXKA

Abuztuak 10, 12, 17, 19, 24, 26 
Urriza
Barrenetxea IV
Ansa II
Aurreligaxkako garailea

*Erremontari guztiek elkarren aurka jokatuko dute. 

FINALAURREA

Irailak 2
Ligaxkan 2. eta 3. postuan sailkatu diren erremontariek jokatuko dute.

FINALA

Irailak 9
Ligaxkan lehena gertau den eta finalaurrea irabazi duen erremontariek jokatuko dute.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!