Irulegi bisitatuko dute zenbait hernaniarrek larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 00:00

Iraileko bisitari dagokionez, 2tik 9ra aldatu dute eguna. Lortzen den dirua arkeologo gazteei laguntzera bideratuko dute. 

Irulegira bisita egingo dute larunbat honetan Hernaniko zenbait herritarrek, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Arkeologoek bisita gidatua egingo dute bertatik, Irulegiko ingurua ezagutarazteko helburuarekin. Bisitara joateko sarrerak Biterin daude salgai, 5 euroan, eta lortzen den etekina arkeologo gazteen ikerketak sustatzeko erabiliko dute. Irailean ere aukera izango da bisita gidatu hau egiteko, hasiera batean irailaren 2an jarri zuten eguna, baina astebete atzeratu dute. Beraz, irailaren 9an izango da bigarren bisita gidatua.

Bisitariak goizeko 09:00etan abiatuko dira Biteri Kultur Etxetik. Behin bertara iritsita, Ilundaingo aparkalekua izango da bisitaren abiapuntua; leku horretatik aztarnategira oinez joateko. Bisita gidatuak bi ordu inguruko iraupena izango duela aurreikusten dute antolatzaileek; dena den, gidariak taldearen erritmora moldatuko dira.

Antolatzaileek nabarmendu dute «arkeologoen lana ezagutzeko aukera paregabea» eskaintzen dutela bisita hauen bitartez: «Bertan Burdin Aroko herrixka eta eskuaren etxea erakutsiko dira arkeologoak lanean dauden bitartean. Gainera, XV. mendeko nafar gaztelua bisitatzeko aukera ere egongo da, guztia Aranzadiren arkeologoen eskutik», azaldu dute. 

Bisita gidatuekin lortzen duten etekin ekonomiko guztia arkeologo gazteen ikerketak bultzatzeko erabiliko dute: «Baliabideak behar ditugu arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarrai dezaten, Irulegiko Eskuaren tamainako aurkikuntzak egin ditzaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!