Gizarte bazterketa egoerak saihesteko dirulaguntzen oinarriak, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 00:00

Oinarrien laburpena uztailaren 27ko GAOn aurkitu daiteke.

Guztira, 174.500 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak dirulaguntza hauek emateko. 

Uztailaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen modura, Hernaniko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki zuen dirulaguntzak ematea arautzen duten oinarri orokorrak eta deialdia onartzea; horien artean Gizarte-Bazterketa egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko bakarkako dirulaguntzak arautzeko oinarriak eta deialdia.

Hernaniko Udaletik azaldu dute dirulaguntza hauen helburua: «Aldizkakoak ez diren prestazio ekonomiko eta subentziozkoak dira, gizarte bazterkeria egoerak prebenitu, saihestu nahiz arintzeko beharrezkoak diren ohiko nahiz aparteko gastu espezifikoei aurre egiteko behar besteko baliabiderik gabeko bizikidetza-unitate batean bizi direnei emateko». Guztira, 174.500 euro bideratuko dituzte dirulaguntza hauetara, eta 2023 urteko aldia izango da epea. 

Onuradunei dagokienez, bost baldintza bete beharko dituzte eskaera egiten duten pertsonek: eskaera egin baino sei hilabete lehenago Hernanin erroldatua egotea eta bertan izatea benetako bizilekua; bizikidetza-unitate bat eratzea; Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialekin gizarteratze prozesu batean egotea bazterkeria arriskua sortzen duten faktoreak arintzeko; etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarrien hartzailea ez izatea; eta 18 urte beteak izatea. 

Azken baldintza honetan zenbait salbuespen daude, egoeraren arabera bereizten direnak; hala nola, beren ardurapean izatea beste adingabe batzuk edo mendekotasuna onartua duen adindun  bat, gurasorik gabeko umezurtz izatea, ezkonduta edo antzeko harreman iraunkor baten bidez beste pertsona bati loturik egotea, edo tratu txarren biktima izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!