Zinemaz aire zabalean gozatzeko aukera izango da datozen hiru egunetan Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 00:00

Ekintzez jositako egitaraua ondu du Chillida Lekuk, udara amaitu arte.

Abuztuko ekintzen artean daude udako zinema egunak. Bihar izango da lehenengo saioa, Suro pelikularekin; etzi Sica proiektatuko dute, eta etzidamu El Gran Maurice. Ateak 19:00etan irekiko dituzte, eta 22:00etan hasiko dira filmak.

Kultur ekitaldirik ez da faltako abuztuan zehar Chillida Leku museoan. Bihartik hasi eta hilabetea bukatu arte musikaz, zinemaz, meditazioaz eta bisitez gozatzeko aukera izango da; egitasmo berri batzuk tarteko. 

Abuztuko lehenengo ekintza datozen hiru egunetan gauzatuko dute. Aire zabalean zinemaz gozatzeko aukera izango da aurten ere, hiru pelikularen proiekzioarekin. Bihar Mikel Gurrea zuzendariaren 'Suro' pelikula jarriko dute; «drama intimista eta hunkigarri» gisa definitu dute antolatzaileek: «Kapitalismoaren triskantzari buruzko alegia da aldi berean». Etzi, hilaren 4an, Carla Subiranaren 'Sica' izango da ikusgai, dolu prozesuari eta klima aldaketari buruzko hausnarketa eskaintzen duen pelikula. Azkenik, larunbateko saioan 'El Gran Maurice' ikusteko aukera izango da; Craig Robertsek zuzendutako pelikula umoretik pentsatuta dago, eta golflari izatera pasatzen den garabi operadore baten istorioa kontatzen du. 

Hiru saioak gauean izango dira. 19:00etan irekiko dituzte museoko ateak, eta 22:00etan hasiko dira proiekzioak. Sarrerak Chillida Lekuren webgunean daude (https://tickets.museochillidaleku.com/content#).

Boga Boga Festibala estreinakoz Chillida Lekun

Ekitaldi berrien artean dago Boga Boga Festibalaren harrera. Hala, hiru musikari eta abeslari ezagunen bisita jasoko du Chillida Lekuk. Izan ere, irailaren 9an Verde Prato (19:00), Anari (20:00) eta Julieta Venegas (21:15) musikariek kontzertuak eskainiko dituzte museoan bertan. Horrez gain, abuztuko azken asteburuan Cuarteto Gerhard taldearen kontzertuak izango dira, Musika Hamabostaldiaren barruan. 

Ekintzekin amaitzeko, uztailean hasitako Yoga saioek jarraipena izango dute abuztuan. Gainera, saio berezi bat antolatu dute hilaren 23rako, meditazio sakona landu nahi dutenentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!