Goi mailako bi partidurekin amaitu zen Zarauzko Erremonte Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 1a, 00:00

Oso parekatuak izan ziren bi finalak.

Zaldua anaiek irabazi zuten B taldean, eta Urriza eta Juaneneak jantzi zuten A taldeko txapela.

Igande arratsaldean jokatu ziren Zarauzko Erremonte Txapelketako finalak, Aritzbatalde pelotalekuan. A taldean Urriza-Juanenenea eta Aldabe-Barrenetxea IV bikoteen artean jokatu zuten txapela; B taldean, aldiz, Zaldua anaiak Loitegiren eta Martirenaren aurka aritu ziren.

Goi mailakoak izan ziren bi partiduak, Aritzbataldera bertaratutako zale guztien gozagarri. Ordubeteko langa pasatu zuten bi finalek, eta estu geratu ziren markagailuak. A multzoko finalean Urrizak eta Juaneneak 2-1 irabazi zuten Aldaberen eta Barrenetxearen aurka, 15-10, 13-15 eta 5-3 partzialekin. Lau erremontariak kontzentrazio maila altua erakutsi zuten finalean, eta akats gutxiko partidua jokatu zuten. Lehenengo setean Juanenearen segurtasuna eta Urrizaren jokoa gailendu ziren; bigarrenean, aldiz, hobeto aritu ziren Aldabe eta Barrenetxea, ongi merezitako berdinketa lortzeko; eta azken setean, set erabakigarrian, sendo aritu ziren gorriak, eta txapela irabaztea lortu zuten. 

B multzoko finalari dagokionez, Zaldua anaiek irabazi zuten partidua; kasu honetan ere 2-1 emaitzarekin. Lehenengo seta Loitegik eta Martirenak irabazi zuten, 15-14 gailenduta; hala ere, Zaldua anaiek ez zuten partidua galdutzat eman, eta goranzko joeran partidua iraultzea lortu zuten. Bigarren setean Zaldua I bereziki fin aritu zen sakean, eta hirugarren jokoan nagusitasunez irabazi zuten donostiarrek. 

Gaur aurkeztuko dute banakakoa

Zarauzko Txapelketa amaitu da, baina erremonteak ez du etenik. Gaur bertan aurkeztuko dute Chillida Leku museoan Eusko Label Banakako Erremonte Txapelketa, eta momentuko sei erremontari onenek jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!