Antolatzaileek enkargatu izan balute bezala, egun eguzkitsua izan zen atzokoa, zerua oskarbi eta tenperatura goxoa mantendu zen egun guztian, eta are gehiago epeldu zen giroa Santa Barbara inguruan. Urteroko ohiturari eutsiz, San Inazio eguna ospatu zuten, egun osoko egitaraua kirolariekin, trikitilariekin eta bertsolariekin jantzita.
Lore eskaintza, omenaldia eta meza izan ziren goizeko lehenengo ekintzak. Horien ondoren, eguerdiko 13:00etan, herri kiroletako lehia egin zuten Santa Barbarako ermitapean. Bi taldetan banatuta, Kimetz Attola, Ohiana Fernandez de Barrena, Igoin Pikabea eta Malen Barrenetxea aritu ziren aizkoran, Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Saizar harrijasotzen, eta Iraitz Arruti eta Ioritz Iribar giza proban. Bikain aritu ziren zortzi kirolariak, pare parean joan ziren ia amaierara arte, eta segundu gutxiren bueltan erabaki zen talde garailea. Azkenean, Arrutik metro batzuk atera zizkion Iribarri giza probako azken plazan.
Eguzkiak gogor jo zuen eguerdi partean, eta sagardoarekin freskatzeko tartea hartu zuten gehienek. Bitartean, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu bertsolariek lehenengo saioxka egin zuten, eta Elaia Diaz eta Eider Garro trikitilariek pieza batzuk jo zituzten jarraian.
Bazkalordurako ondo gosetuta iritsi zen jendea. Elutxetan 80 pertsona inguru bildu ziren, bapo geratzeko moduko menua bazkaltzeko. Gainera, goizean bertso eta musika gosez geratu ziren horiek aukera izan zuten bertsolarien eta trikitilarien bigarren saioarekin gozatzeko. Mendiluze eta Irazu izan ziren lehenengoak, eta mugitzen zen orori jo zioten adarra, saio bizia osatuta. Ondoren, dantza egiteko moduko abestiak hautatu zituzten Diazek eta Garrok, eta jendeak ez zuen gerria mugitzeko zalantzarik izan; Zazpi Jauzitik hasi eta Adelitan bukatuta.
Eguna bukatzeko, bertsolariek hartu zuten berriro mikrofonoa, eta saio labur batekin amaitu zuten eguna. Halaxe itxi zuen saioa Jexux Mari Irazuk:
Orduan segitzia
denentzako kalte
Fregonak harrapatu
nazala aparte
Halako festa egunak
bizitza dakarte
Eskertzen da izatea
egunaren parte
Eskerrik asko eta
nahi dezuten arte!