Gaur jokatuko dituzte V. Papelera Zikuñaga Txapelketako finalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 29a, 00:00

Irazustabarrena eta Urkizu (ezkerrean) sailkatu ziren azken finalerdian.

Hiru mailetako finalak jokatuko dira 11:00etatik aurrera, eta 5 pelotari hernaniar izango dira.

Ostegunean jokatu zen V. Papelera Zikuñaga Txapelketako azken finalaurrekoa, eta, horrenbestez, jada erabakita dago finalerako kartela. Gaur goizean jokatuko dituzte hiru mailetako finalak, Hernaniko Kiroldegiko pelotalekuan. Guztira, CD Hernaniko bost pelotari iritsi dira etxeko txapelketako final haundietara. 

Kadete mailan Ekhi Oses eta Otaegi (Hernani-Behar Zana) infantilek Salaberria anaien aurka jokatuko dute (Irurtzun). Bi bikoteak oso sendo aritu dira txapelketa guztian, eta partidurik galdu gabe iritsi dira final haundira; beraz, partidu parekatua espero da. 

Jubenil mailan Hernaniko Unax Manterolak eta Oier Alegriak Gorostidi-Iturrioz (Zazpi Iturri-Intxurre) bikoteari egin beharko dio aurre. Jokatutako bost partiduetatik bana galdu du bikote bakoitzak, baina momentu hobean iritsi dira finalera Gorostidi eta Iturrioz. 

Azkenik, Hernaniko bi pelotari aurrez aurre arituko dira Nagusietako finalean. Xabier Salaberriak eta Urruzolak (Hernani-Pagazpe) Urkizuren eta Irazustabarrenaren (Hernani-Intxurre) aurka jokatuko baitute. 

Finalak goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!