Datorren larunbatean Irulegi bisitatzeko aukera izango dute hernaniarrek, Aranzadiko arkeologoekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 29a, 00:00

Irulegi bisitatzeko aukera paregabea izango dute hernaniarrek, abuztuaren 5ean eta irailaren 2an. Argazkia: Aranzadi.eus

Abuztuaren 5erako eta irailaren 2rako antolatu dute irteera. Sarrerak 5 euroko prezioa du eta Biterin eskuratu daitezke. Lortzen den etekin guztia arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarraitzeko izango dela azaldu du Aranzadik.

Hurrengo larunbatean eta irailaren 2an, Hernaniko herritarrek Irulegi bisitatzeko aukera izango dute, Aranzadiko arkeologoekin. Bisita gidatuetara joan nahi izanez gero, sarrerak Biterin daude eskuragai 5 euroren truke, eta Aranzadik aitortu du lortzen den etekin guztia arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarraitzeko izango dela. Abuztuaren 5ean, irteera izango da goizeko 09:00etan, Biteritik. 

Aranzadi Zientzia Elkarteak herritarrei bisita gidatura animatzeko dei egin diete: «Irulegi ezagutzeko aukera paregabea da. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak euskararen jatorriari argia eman dio. Euskaldunak zorioneko egin gaitu eta berrikuntza esanguratsuak dakartza arkeologia eta hizkuntza-munduan. Baina galdera berri aunitz ere ireki ditu. 2022ko azaroan aurkeztu zenetik, Euskal gizarteak berea egin du aurkikuntza hau, baino eskuaz haratago Irulegiko aztarnategian ikerketa prozesuak luzerako jarraitzen du. 2023ko kanpaina arkeologikoa martxan dago jada, eta Aranzadiren eskutik, arkeologoen lana ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dugu. Irulegiko Eskua agertu zen aztarnategira bisita gidatua, Aranzadiko arkeologoek gidatuta. Bertan Burdin Aroko herrixka eta eskuaren etxea erakutsiko dira arkeologoak lanean dauden bitartean. Gainera, XV. mendeko nafar gaztelua bisitatzeko aukera ere egongo da, guztia Aranzadiren arkeologoen eskutik» .

 
Bisitarako zenbait baldintza 

Bisitarako topagunea Ilundaingo aparkalekua izango da, eta bertatik hasiko dute bisita, oinez aztarnategiraino. Leku horretara itzuliko dira ibilbide gidatua amaitzeko. Txangoaren iraupenari dagokionez, behin Irulegiko aparkalekura iristean, bisita gidatuak 2 ordu inguru irauten dituela azaldu du Aranzadik: «baina taldearen erritmoa eta haren mugikortasunaren arabera luzatu daiteke».

Aranzadik jakinarazi du mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bisita ez dela egokia: «zoritxarrez, oinezko ibilbidea Irulegi mendiko bide eta bidexketan zehar egiten da eta malda handiko tarteak izaten ditu. Gainera, gailurrera igotzeko 150 eskailera daude». Etxeko txikiekin joateko aukera dagoela ohartarazi dute zientzia elkartekoek, hala ere, adina 8 urtekoa izatea gomendatzen dute. 

Mendiko arropa eta oinetako erosoak eta egokiak eramateaz gain, ura eta hamaiketakoa ere eramatea gomendatu du Aranzadik. Azken boladako eguraldia kontutan izanik, eguraldi txarra eginez gero bisita gidatua Gongorako Zarra Jauregiko Interpretazioa Aretoan egingo dute. Bertan arkeologia taldearen eta laborategi lanen azalpena eskainiko dute. Aldiz eguraldi ona eginez gero, bisita gidatua aire zabalean egingo dute, eta arkeologo taldea indusketa lanetan ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bi kasuetan abiapuntua berdina izango da, hau da,  Ilundaingo aparkalekua.

 
Ekarpenarekin gazte arkeologoen lana babestu

Aranzadik jakinarazi du bisita gidatuetan lortutako ekarpenarekin Aranzadiko gazte arkeologoen ikerketak babestuko dituztela: «Baliabideak behar ditugu arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarrai dezagun, Irulegiko Eskuaren tamainako aurkikuntzak egin ditzaten. Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkarteak udan bakarrik aktiba ditzake bere indusketak Zaldua, Irulegi, Artzi edo Donazaharreko aztarnategietan. Baina baliabide berriekin, arkeologo gazteen lantaldeak handitu litezke, gure Antzin Aroko ikerketa-lanetan aurrera egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!