Aisialdirako tartea gaurkoan ere, Uda Parkeanen bigarren egunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 28a, 00:00

Gustura ibili ziren jolasean txikienak.

Arratsaldeko 17:00etan izango dira jolasak; 20:30etan dantza-zirku emanaldia;  eta gaueko 22:00etan, kontzertua.

Haur ugari elkartu ziren atzo arratsaldean, Uda Parkean egitasmoan. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Ave Mariara, batzuk jolastera, eta beste batzuk, aldiz, emanaldiez gozatzera.

Gaurkoan, segida izango dute Uda Parkean egitasmoaren jarduerek, jolaserako eremuekin, eta bi emanaldirekin. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira jolasak; horietako bat 5 urtetik gorakoentzat izango da, besteak beste, ohe elastikoak, slake-line, maskara tailerra...Eta beste jolas eremua 0 eta 5 urte bitartekoentzat izango da. 

Arratsaldeko 20:30etan, Kolektivo Konikaren txanda izango da, Nire Sudur Punta emanaldia eskainiko baitute. Dantza eta zirkua uztartzen dituen ikuskizun honetan jatorrira itzultzen dira, memoria komun bat berreraikitzeko. Itxurazko zentzurik gabeko ohiturak, baina gure izaerari logika ematen diotenak. Sei gorputz jokoan, sei mundu. Errealitate bateratu eta partekatu baterantz bideratzen du. Zaindu egiten gara, portatu, irristatu, bultza. Akrobatiko portak eta kantua, dena deformatzeko eta gure berezitasunak hurbiletik ezagutzera gonbidatzeko aukera gisa.

Gauean, Ibil Bedi taldeak hartuko du lekukoa, kontzertua eskainiz egunari amaiera emateko, 22:00etan. 

 
Bihar, azken eguna

Bihar emango zaio amaiera Uda Parkeani, lau jarduerekin. Aurrena, arratsaldeko 17:00etan, kirolerako eta jolaserako tartea izango dute herritarrek. Gainera antolatzaileek aitortu dute adin guztietarako aproposak diren jolas eta kirolak burutuko direla. 19:00etan Eder magoak magia emanaldia eskainiko du, eta 20:30etan, D´Click taldeak zirku emanaldia eskainiko du. Uda Parkean egitasmoari amaiera ederra emateko, Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du, 22:00etan.

 

UDA PARKEAN

HERNANI

GAUR

17:00 Haurrentzako askotariko jolasak. Ohe elastikoak, slike-line, maskara tailerra, jolasak... Bost urtetik gorakoentzat. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

17:00 Haurrentzako askotariko jolasak. Txikientzako jolas txokoa.0-5 urte bitartekoentzat. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

20:30 Dantza zirkua. Nire Sudur Punta emanaldia, Kolektivo Konika taldearen eskutik. Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

22:00 Kontzertua. Ibil bedi taldearen eskutik. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!