«Horrelako saioetan eguneko erritmora moldatzea egokitzen zaigu bertsolarioi»

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 28a, 00:00
2012an ere San Inazio festan abestu zuen Aitor Mendiluzek.

Astelehenean ospatuko dute Santa Barbaran San Inazio festa, eta aurtengoan ere ez da bertsorik faltako. Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu arituko dira kantuan, eguerdian hasi eta arratsaldera arte. «Gogotsu» dago Mendiluze.

Uda betean gaude, bertsolarientzat lanerako garaia. Zer moduz doakizu?

Egia esan, ondo. Ez daukat halako eromen izugarririk, lan pixka bat bai, saio batzuk bai, baina erotu gabe. Bertsotan, gainera, gustura nabil. Erritmoa mantentzeko saio batzuk jarraian izateak laguntzen du, intentsitatea mantentzeko eta. Gustura nabilela esango nuke.

Santa Barbaran arituko zara astelehenean. Gisa honetako saio asko egokitu zaizkizu? Auzo edo gune txikietan sarri abesten duzu?

Bai, nire kasuan dexente dira horrelakoak; egunpasak eta tankerakoak. Juxtu aste honetan tokatu zait honi buruzko eztabaida bat, eta bada bertsolari profil bat hainbeste ibiltzen ez dena halako saioetan. Gu, berriz, ohituragatik edo, dexente. Gustatzen zaizkit halako egunak. 

Zer dute berezitik? Zerk desberdintzen ditu gainontzeko saioetatik?

Berezitasun haundiena da eguneko erritmora moldatzen ikasi behar duzula. Ez da bakarrik afari batera edo jaialdi batera joan eta bertso kopuru jakin bat abestea. Horrelako saio batean inguruko jendearekin daukazun harremana desberdina da; eta, beharbada, morrontza pixka bat ere eskatzen dizu, besteen eskura egon behar duzulako. Moldatu behar duzu saioen egiturara eta erritmora, eta horrek 'kamaleonikoa' izatea eskatzen dizu. Edozein momentutan edozein modutan kantatzea tokatu dakizuke, eta prest egon behar duzu horretarako. 

Bertsolariak ia kronista edo esatari rola hartzen du halako egunetan, ezta? 

Bai, beno, azkenean bertsolariak kantatu behar du ikusten doana. Ez dago markatutako biderik, ez da jaialdi batean bezala, zuk atera behar duzu bidea aurrean dagoenetik, ikusten duzunetik, eta esatari lana egitea dagokizu. Baina, era berean, egunak eskatzen dizu tarteka hortik ihes egitea eta bestelako gauzei buruz hitz egitea. Oreka mantendu behar izaten dugu bertakoaren eta ez hain bertakoaren artean, jendeari sentsazioa emateko zerbait esan diezunarena, ez bakarrik aizkolariak nola ari diren edo zein azoka polita dagoen. Eskatzen dizu zure filtro propioak erabiltzea; egin dezakezunaren eta egin nahi zenukenaren artean ibili behar duzu. 

Aurten ibilbide luzeagoko bertsolariei eman dizuete tartea. 2012an, aldiz, gazte artean abestu zenuen. Asko aldatzen da saioa?

Saioa beti da motibagarria, baina desberdina da. Gazteagoekin edo esperientzia gutxiago dutenekin zoazenean badaukazu babestu nahi bat edo lagundu nahi bat, ez beti behar delako, ezta gutxiago ere, baina esperientziatik edo erritmotik hori bilatzen duzu. Era berean, ikasteko gogo haundia ere izaten duzu, beste bertsokera, ideia, pentsamendu eta bizimodu bat daukan jendearekin ari zarelako, eta horretara ere moldatu nahi duzu, haietatik edateko. Aldiz, esperientzia luzeagoko eta harreman gehiagoko batekin abestea erronka puntu bat ere bada, jakiteko ea norbera ze puntutan dagoen. Desberdina da. 

Biek dauzkate gauza oso positiboak eta biek dituzte bere zailtasuntxoak edo erronkak. Baina desberdintasuna hori da, nik ez dut sentituko astelehenean Irazu babestu beharrik. Gazteagoekin, aitakeriarik gabe, baina saioa hasieran gidatzea dagokidala sentituko nukeen. Irazurekin ez. Are, Irazurengandik espero dudana da hark ere ni estutu nahi izatea, bere onena ematea, eta oreka horretan aritu beharko dugu biok. 

Aspaldian abestu duzu Irazurekin halako formatuan?

Egia esan, aspaldian ez. Ilusioa egin zidan halako aukera izateak. Garai batean asko kantatzen genuen elkarrekin, eta badaukat gogoa. Badakit azken aldian oso ondo ari dela, sekulako saioak egiten ari dela, eta badaukat gogoa berarekin egoteko. 

Konparagarria izan daiteke astelehenekoa ekainean Ipintzan Unai Iturriagarekin egindako  saioarekin, ezta?

Bai, noski. Orduan ere ilusio haundia egin zidan, denbora neramalako Unairekin abestu gabe; gehiago libreko edo halako formatuan. Oso polita da guretzat, urte askotan zehar asko kantatu dugu elkarrekin, elkar ondo ezagutzen dugu, eta hori berreskuratzeak eta jendaurrean erakusteak beti ekartzen dizkizu oroitzapen politak. Gainera, jende bati ere balio dio esateko 'kontxo, zahar hauek oraindik bizi dira! Aritzeko kapazak dira!'. Alde horretatik oso polita da.

 

UZTAILAK 31, ASTELEHENA
SANTA BARBARAN

11:00 Elaia Diaz Beroz eta Eider Garro Iraola trikitilariak.

11:30 Lore eskeintza.

11:45 Omenaldia.

12:00 Meza.

13:00 Herri kirolak:
Kimetz Attola, Ohiana Fdz. de Barrena, Aiert Paolla, Andoni Anatx, Igoin Pikabea, Malen Barrenetxea, Iraitz Arruti eta Andoni Saizar.

Jarraian bertso saioa; Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu.

14:30 Herri bazkaria Elutxetan.
Enkargatzeko: 676 55 86 96

Jarraian bertsolariak eta trikitilariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!