Joko mitologikoak, tailerra, zirkua eta dantza bihar, Ave Marian

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 26a, 00:00

Joan den urtean ere, herriko txikiek gozamenerako tartea izan zuten Ave Marian.

Bihar arratsaldeko 17:00etan izango dira jolasak eta tailerra, 19:30etan zirku ikuskizuna eta 21:30etan dantza emanaldia.

Bihar emango zaio hasiera Uda Parkean egitasmoari, eta hiru egunez jarduera ugari burutuko dituzte Ave Maria parkean. Hala, adin guztietarako aproposak diren tailerretan, ikuskizunetan edota jolasetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek bihartik 29ra bitartean, Uda Parkean egitasmoaren eskutik. 

Bihar arratsaldeko 17:00etan, bi jarduera burutuko dira; alde batetik, jolaserako tartea eskainiko zaie txikiei Jokai egurrezko joko mitologikoekin; eta bestetik, hondarrezko eskulturen tailerra eskainiko die familiei, Andoni Baztarrikak. Egurrezko jolasetan bi gune bereiziko dituzte, Montessori gunea izango da bat, 0-3 urte bitartekoentzat zuzendutakoa, eta Larun gunea izango da bestea, 3 urtetik gorakoentzat. Ordu berean, Andoni Baztarrikak hondarrezko eskulturen tailerra eskainiko du. Guztira 25 partaideko aforoa du jarduera honek, eta ez da izena eman behar, bertaratuz gero nahikoa izango da. 

Arratsaldek0 19:30etan,  Andrea Riosek 'Ara' zirku emanaldia eskainiko du. Emanaldi hau zirku garaikideko ikuskizuna da, antzerkiko eta dantzako lengoaiak aireko akrobaziako teknikekin uztartzen dituena. Esperientzia sentsoriala da, emakumeen indarraren, hegaldiaren eta mugimenduaren poesiaren artekoa.

Eta biharko egunari amaiera emateko, Alurr Dantza Taldeak, Luberri emanaldia eskainiko die hernaniarrei, gaueko 21:30etan. Talde baten ahalmen eta indarra elkartasunean dago. Gaur direnak izan zirenengandik ikasiz eta bide berriak esploratuz. Berriz sortu eta berrasmatzera behartuak aurkitzen dira.

Haien gazte izaera aldarrikatuz, zalantzaz betetako nortasun indartsuaz. Ez daude konforme eta mundua jarriko dute dantzan. Oin eta gorputzekin haien bizitzaren historia idatziz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!