22-19 irabazita, txapela jantzi zuen Apaolazak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 24a, 00:00

Peñalverrekin batera irabazi du oraingoan Apaolazak denboraldi honetako hirugarren txapela.

Momentu ederra bizitzen ari da Xabier Apaolaza pelotari hernaniarra, eta egindako aurrerapausuen fruituak jasotzeko garaia iritsi zaio. Pasa den larunbatean jokatu zuen Errenterian, Peñalver atzelari nafarrarekin batera, Promesen mailako finala, eta txapelarekin itzuli zen Hernanira Rekalderen eta Bernaolaren aurka irabazi ondoren. Txapelketa txukuna osatu du Apaolaza-Peñalver bikoteak, final laurdenetan 22-20, finalerdietan 22-10 eta final haundian 22-19 irabazita.

Hernanitik jende ugari joan zen Errenteriako pelotalekura, eta harrera beroa egin zioten partiduan zehar eta amaieran Apaolazari, pankarta eta guzti.

Apaolazak berriro erakutsi du momentu bikaina igarotzen ari dela; izan ere, larunbatean irabazitakoaz gain, Gipuzkoako Txapelketa eta Zaramaga Torneoa ere irabazi ditu denboraldi honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!