«Sekulako pasaara» eman omen zuten Hernaniko bertsolariek Zarauzko Desapiyuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 00:00

Giro ederra sortu zen gaueko bertso saioan.

Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen erronka onartuta, pelotan eta bertsotan aritu ziren Paulo Ttikiya Bertso Eskolako kideak. 

Pasa den ostiralean jokatu zen Zarautzen bertso eskolen arteko Desapiyua; Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen eta Hernaniko Paulo Ttikiya Bertso Eskolaren arteko lehia. Hernaniarrez osatutako taldean Eli Pagolak eta Oier Iurramendik jokatu zuten pelota partidua, eta Eñaut Martikorenak, Unai Mendizabalek eta Andoni Rekondok abestu zuten gaueko saioan. 

Desapiyuko emaitza argitzeko, aditu batek egindako laburpen anonimoa jaso du Kronikak:

«Azken urteetako ildoari jarraituz, Bertso Pilota eta Bertso Desafioa antolatu zuen Bertso Astearen barruan Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak. Aurten, Hernaniko Paulo Ttikiya taldearen aurka neurtu ziren pasa den ostiralean eta hernaniarrek sekulako pasaara eman zieten. Eskuz binaka egundoko erakustaldia emanda nagusitasunez gailendu zen Pagola-Iurramendi bikotea. Seiko motzean nola, halaxe moldatu ziren, ezker-eskuin, sendo, bizi eta freskotasunez erantzunez. Aurkariak partida osoan euren konpasera mugitu ondoren, Iurramendiren ezker gantxo bihurritu batek eman zion amaiera partidari, zeraman ziztuarekin ikusi ere ez zen egin pilota!

Hernaniarrek talde konpletoa osatzen dutela argi erakutsi zuten iluntzeko bertso saioan ere. Martikorena, Rekondo eta Mendizabal izan ziren ordezkari eta frontoiko dinamikari eutsi zioten; erraz eta dotore. 

Zarauztarrek errebantxa eskatua dute, oraingoan Hernanin. Noiz jokatuko duten ez dago argi, bai ordea, Paulo Ttikiya forman dagoela edozein motatako desafioetarako eta entzuleek gozaatu galanta hartuko dutela eurekin».

22-20 irabazi zuten hernaniarrek pelota partidua. Argazkia: Zarauzko Hitza.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!