Transakzio bolumenari dagokionez, milioi bat eurora iritsi da Ekhilur

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 19a, 00:00

Ordainketa sistemak hamaika hilabete daramazki martxan. 2024an proiektua hedatzea da asmoa.

Atzo jakinarazi zuen Ekhilurrek «ordainketa sistema arautua eta alternatiboa» milioi bat eurora iritsi berri dela, transakzio bolumenari dagokionez. Albiste ona da Ekhilurrentzat, eta datua positibotzat jo dute: «Gaur egungo ordainketa sistema handiekin alderatuta (VISA, PayPal, Bizum...) zifra apala bada ere, erabiltzaileen beraiek kontrolatzen dute sistema, korporazio handietatik kanpo», nabarmendu dute. 

Ordainketa sistema Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatibak kudeatzen du, eta adierazi dute «bazkideek dutela hitza eta botoa» sistemari buruzko erabakiak hartzeko: «GoiEner bezalako energia kooperatibaren ereduari jarraitzen diogu, baina ordainbideen eremuan».

Horrez gain, ordainketa sistemaren bi helburu nagusiak gogorarazi dituzte kooperatibatik: «Tokiko ekonomiarako diseinatuta dago, eta herritarren kontrolpean dagoen VISAren ordezko sare bat sortzea du helburu. Aldi berean, azalera handietako sistemetan oinarritutako fidelizazio sistema bat ezartzen du, herrietan merkataritza gune irekiak sortzen dituena». 

Ekhilurren helburua da 2024an bigarren fase bat hastea, sarea beste udalerri batzuetara hedatu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!