Manifestazioa egin zuten atzo Elai enpresako 8 langileek, zenbait kolektiboren babesarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 19a, 00:00

Errepidea moztu zuten grebalariek manifestazioarekin.

Bi hilabete pasatxo daramazkite langileek greban, eta «daukatena hobetu ezean, borrokan jarraituko dutela» nabarmendu dute.

75 egun daramazkite greban Elai Serbitzuak S.L. enpresako 8 langileek. «Hitzarmen propioa» negoziatzeko abiatu zuten borroka, eta «egin behar dituen igoerak» exijitzen dizkiote enpresari. Enpresarekin apirilaren erdialdean egin zuten azken bilera, eta grebalarien ustetan, «eskasa» izan zen jasotako proposamena. ELA sindikatuaren bidez bileratik eratorritako ondorioak eta salaketak adierazi zituzten: «Egin zuten eskaintza guztiz eskasa izan zen. Beraiek esan zutenaren arabera, mozkin kalkuluak eginda dauzkate, eta ez dute inolaz ere onartuko mozkin horiek langileekin banatu beharra». 

Gaur gaurkoz, egoerak konpondu gabe jarraitzen du. Atzo, hainbat langileren eta kolektiboren babesarekin, manifestazioa egin zuten langileek, Karabeleko gasolindegitik hasi eta enpresaren atarian amaituta. Deialdian zehaztu zuten «enpresak negoziaketan duen jarrera eta diru gose aseezina» salatzea zela helburua, eta halaxe egin zuten. Manifestazioaren amaieran lastoz eta ximaurrez bete zuten enpresaren ataria, protesta modura. 

Alabaina, langileek argi utzi nahi izan dute «negoziatzeko prest» daudela, baina, «daukatena hobetu ezean, borrokan jarraituko» dutela.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!