Uztailaren 27tik 29ra, publiko guztientzako gozamenerako ekintzak, Ave Maria parkean

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 17a, 00:00

Ostiralean aurkeztu zuten 'Uda Parkean', Ave Maria parkean.

Udan, kulturarako, jolaserako eta kirolerako gunea bilakatuko dute Ave Maria parkea hiru egunez, 'Uda Parkean' ekimenari esker. Horregatik, herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete Udaleko zenbait sailek: «animatu eta etorri Ave Maria parkera, adin guztientzako aproposak diren ekintzak egingo baitira».

Ostiralean aurkeztu zituzten 'Uda Parkean' egitasmoaren nondik norakoak, Udaleko sail ezberdinetako kideek. Aurkezpenean parte hartu zuten Aitor Huitzi kultura zinegotziak, Axier Mingo hezkuntza zinegotziak, Maider Errasti Haur eta Gazteria arloko teknikariak, Esti Mujika kultur teknikariak, Aitor Lukas gazteria zinegotziak, eta Igor Uranga kirol teknikariak.

Hitza hartu zuen aurrena, Aitor Huitzi kultura zinegotziak eta 'Uda Parkean'i buruzko aurkezpen txiki bat egin zuen: «Udala azken urteetan lanean ari da kulturaren deszentralizazioaren bueltan, ekimen kulturalak herriko erdigunetik kanpoaldeko auzoetara zabaltzeko apustua eginez. Hori horrela, deszentralizazioaren nahiari erantzuten dion ekimen bat da 'Uda Parkean'. Hala ere, 'Uda Parkean'ek baditu beste helburu batzuk ere; batetik, Ave Maria parkearen erabilerari maiztasuna areagotzea, jendea hona ekarriz eta jendeak parkeaz gozatuz; eta bestetik, udan herrian gelditzen direnei aukera bat ematea, izan ere, asko dira oporrak herrian egiten dituztenak, eta horregatik, aukera eman nahi dugu Hernanin aisialdi guneak eta kultur guneak eskainiz».

Argi utzi zuten adin guztietarako ekintzez betetako egitaraua osatu dutela aurtengo Uda Parkean egitasmorako, hain zuzen, kultura, aisia eta kirola uztartzen dituena.

 

Uztailaren 27an, 28an eta 29an, 'Uda Parkean' Ave Marian

Uztailari amaiera ederra emateko, uztailaren 27an, 28an eta 29an ekintza mordoek hartuko dute Ave Maria parkea, eta adin guztietarako jarduerak antolatu direla ziurtatu zuten Udaleko sail desberdinek. Uztailaren 27an, Jokai egurrezko joko mitologikoekin gozatzeko aukera izango dute txikiek. «Konpainia honek jolas inklusibo, sortzaile, autonomo eta kooperatiboari balioa ematen diete, belaunaldien arteko harremanak sustatuz», adierazi zuen Aitor Lukasek. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira joko mitologikoak. Horrez gain, familientzako ekintza eder bat ere eskainiko du Andoni Baztarrikak, hilaren 27an, arratsaldeko 17:00etan: Hondarrezko eskulturen tailerra. Guztira 25 partaideko aforo mugatua izango du tailerrak, eta ez da izena eman behar. Arratsaldeko 19:30etan, Andrea Riosek Ara izeneko dantza emanaldia eskainiko du eta gauean dantzak jarraipena izango du, Alurr Dantza Taldeak eskainiko duen Luberri emanaldiarekin.

Uztailaren 28rako ere lau jarduera antolatu dituzte. Aurrenengo biak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira; horietako bat izango da bost urtetik gorako haurrentzako jolasak, bestek beste, ohe elastikoak, slike-line, maskara tailerra... Eta 0-5 urte artekoek ere izango dute jolaserako tartea, bigarren gunean. Arratsaldean eta gauean dantzak eta musikak hartuko dute nagusitasuna Kolektivo Konikarekin eta Ibil Bedirekin.

Uztailaren 29an, kirol jolasak antolatu dira arratsaldeko 17:00etarako. Hau amaitu ostean, Eleder Magoak Ave Maria bisitatuko du, magia ikuskizun txundigarria eskainiz. Zirku emanaldi eder bat ere eskainiko du D´ Click taldeak eta 'Uda Parkean'i itxiera emango dio Kalakan taldeak, txalaparta hotsekin.

Amaitzeko, herritarrei bertaratzeko deia luzatu zuten, eta nabarmendu zuten afari meriendak egiteko aukera ere egongo dela: «etxetik ekarrita edota bertan erosita, beraz animatu zaitezte. Adin guztietarako aproposak diren ekintzak eta emanaldiak izango ditugu eta! ».

UDA PARKEAN 2023

AVE MARIA PARKEAN

UZTAILAK 27

17:00 Jokai egurrezko joko mitologikoak. Montessori gunea 0-3 urte bitartean; eta Larun gunea 3 urtetatik helduetara arte. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

17:00 Hondarrezko eskulturen tailerra. Familientzako ekintza. 25 partaide guztira, aforoa bete arte. Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

19:30 Zirkua. Ara ikuskizuna, Andrea Riosen eskutik.  Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

21:30 Dantza. Luberri emanaldia, Alurr Dantza taldearen eskutik. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

UZTAILAK 28

17:00 Haurrentzako askotariko jolasak. Ohe elastikoak, slike-line, maskara tailerra, jolasak... Bost urtetik gorakoentzat. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

17:00 Haurrentzako askotariko jolasak. Txikientzako jolas txokoa.0-5 urte bitartekoentzat. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

20:30 Dantza zirkua. Nire Sudur Punta emanaldia, Kolektivo Konika taldearen eskutik. Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

22:00 Kontzertua. Ibil bedi taldearen eskutik. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

UZTAILAK 29

17:00 Kirola jolasak. Probatu hartubol; umeak, gazteak, helduak, familiak, 3. adina. Guztientzat egokia. Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

19:00 Magia ikuskizuna. Eleder magoaren eskutik. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

20:30 Zirkua. Latas emanaldia, D´Click taldearen eskutik. Euria eginez gero, bertan behera geldituko da.

22:00 Kontzertua. Kalakan. Euria eginez gero, Atsegindegin izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!