Hiru urteko etenaldiaren ostean, festa giroa nagusi izango da gaur, Kaxkoko Karmen jaietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 16a, 00:00

Maite Minerrek lekukoa pasako dio gaurkoan, Maitere Goñiri. Argazkia 2019ko Karmengo jaietakoa da.

Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan izango da, urtero moduan, 19.zenbakian. Alkatea izendatzeaz gain, bertan egingo dituzte omenaldiak.

Azkeneko hiru urtetan ez dira Karmengo jaiak ospatu, Covid-19ak sortutako osasun egoeragatik, baina gaurkoan bai; gaurkoan Karmengo jaiak ospatuko dituzte Kaxkoan, eta egun osoan zehar makina bat ekintza izango dira. Egunari hasiera emateko, goizeko 09:30etan, Kaxkoko hildakoen omenezko meza egingo dute, Agustindarren elizan, eta ordu eta erdi beranduago, trikitilariek Kaxkoko kaleak girotuko dituzte. Goizeko 11:00etan, Tilosetako frontoian bi pelota partidu jokatuko dituzte ondorengo bikoteek: alebinetan, Hernandez-Mendia­ble eta Galdos-Azpeitia I; eta infantiletan, Oiaga-Arsuaga eta La­baka-Gaskon.

 

Ekitaldi nagusia, eguerdiko 12:00etan 

Ekitaldi nagusia egingo dute gaur 12:00etan, ohi moduan, Kaxkoko 19. zenbakian. Azken lau urte hauetan alkate lekukoa eraman du Maite Minerrek, baina aurtengo jaietan testigua pasako dio Maitere Goñi Alzagari. Alkate berria izendatu ostean, ondorengo hernaniarrak omenduko dituzte: Marijo Sainz Puente (Ilargi arropa denda); Mitxelo Armenteros Prieto (Pitxitxulo denda) eta txistulari taldeko Patxi Apezetxea Agirre, Ruth Martin Apecechea, Jesús Mari Gutiérrez Mitxelena, Garbiñe Tijero Azkue, Ramón Iriarte Otamendi, Eva Igarriz Izeta eta Joseba San Sebastián Gorostidi.

Omenaldia amaituta, sabelak asetzeko unea helduko zaie auzotarrei, eta beraz, bazkari herrikoi baten buletan bilduko dira denak, Plaza Berrin. Eta horrez gain, balkoien apaintze lehiaketari ere haisera emango diote.

Karta jokoak ere antolatu dituzte arratsalderako, eta Kaxko Elkarteak ondorengoa nabarmendu du: «bikoteak egon behar dute osatuta bi emakumez edota mixtoak izan behar dute». Ordu berean, hau da, arratsaldeko 16:30etan, tokan, igelan eta botean aritzeko tartea izango dute herritarrek Plaza Berrin, eta 17:00etan, txokolate goxo-goxoa eskainiko du Kaxko elkarteak. Bi orduko tartea izango dute herriko txikiek puzgarrietan jolasteko, 17:00etatik 19:00etara hain zuzen. 

Arratsaldeko 20:00etan, karta, toka, igela eta bote jolasen eta balkoi ederrenaren sari banaketa egingo dute; eta egunari amaiera emango diote sardin jatearekin, Paza Berrin.

 

KARMENGO JAIAK 2023

HERNANIKO KAXKOA

GAUR

09:30 Kaxkoko hildakoen omenezko meza, Agustindarren elizan.

10:00 Trikitixa Kaxkoan zehar.

11:00 Bi pelota partidu Tilosetako frontoian.

12:00 Alkate izendapena: Maitere Goñi Alzaga.

Omenduak Andrekale 19an:
Marijo Sainz Puente (Ilargi denda)
Mitxelo Armentero Prieto (Pitxitxulo) 
Txistulari taldeko Patxi Apezetxea Agirre, Ruth Martín Apecechea, Jesús Mari Gutiérrez Mtxelena, Garbiñe Tijero Azkue, Ramón Iriarte Otamendi, Eva Iriarte Otamendi, Eva Igarriz Izeta eta Joseba San Sebastián.

14:00 Bazkari herrikoia Plaza Berrin. Balkoien apaintze lehiaketa.

16:30 Karta-jokoak Plaza Berrin. Bikoteak: Bi emakumez osaturikoak edo mixtoak.

16:30 Toka, igela eta botea, Plaza Berrin

17:00 Txokolatada

17:00-19:00 Puzgarriak Plaza Berrin, Portalondon

20:00 Sari banaketa: kartak, jolasak eta balkoi ederrenari.

20:00-22:00 Sardin-jatea Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!