Jai Alai Summer Season txapelketa bereziaren final haundiak, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 15a, 00:00

Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea. Argazkia: Maialen Andres

Gaueko 21:00etan hasita Galarretan, Endika Barrenetxea eta Aitor Aiestaran hernaniarrek jokatuko dute final bana.

Gaur jarriko diote errematea Galarretan, Jai Alai Summer Season txapelketa bereziari. Eta nola ez, puntako osagaiak izango dituen jaialdiarekin emango diote bukaera, gaueko 21:00etan hasita: hernaniar bana ariko da bi finaletan, jan-edana ere izango da, eta baita musika ere, festa giroan murgiltzeko.

B multzoko finala jokatuko dute aurrena, eta Aitor Aiestaran hernaniarrak jokatuko du, Julen Loitegi urnietarrarekin batera, Zaldua IIren eta Eskuderoren kontra.

Torneo nagusiko finalean, berriz, Endika Barrenetxea hernaniarra ariko da txapelaren bila. Aritz Juanenea saldiastarra izango du lagun, eta Azpirozen eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Kontrarioak sailkatu ziren aurreneko postuan ligaxkan, finalerako txartela eskuratuz; eta semifinala jokatu behar izan zuten Barrenetxeak eta Juaneneak, ostegunean: desenpatean menderatu zituzten Segurola eta Ansa II (15-7, 6-15 eta 5-2). Oso nagusi izan ziren Barrenetxea eta Juanenea aurreneko setean eta desenpatean, baina ezinean aritu ziren bigarrenean. Gaurko finalean, bere maila onena eman beharko dute partidu osoan zehar, garaipena lortuko badute, bikote sendo baten aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!