Jai Alai Summer Seasoneko finala jokatuko dute Barrenetxeak eta Juaneneak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 14a, 12:39

Hiru setetan menderatu zituzten Segurola eta Ansa II atzo, eta Azpiroz eta Larrañaga izango dituzte kontrario biharko finalean.

Finalean izango dira Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Juanenea saldiastarra, Jai Alai Summer Season txapelketan. Desenpatean menderatu zituzten Segurola eta Ansa II, atzoko semifinalean; eta Azpirozen eta Larrañagaren kontra ariko dira bihar, final haundian (21:00etan Galarretan).

Primeran ekin zioten semifinalari, Barrenetxeak eta Juaneneak; eta nagusi izan ziren aurreneko setean. Barrenetxeak agindu zuen jokoan, eta huts asko egin zituzten kontrarioek. Horrela, berehala lortu zuten aldea markagailuan (6-1 eta 11-3), eta arazorik gabe irabazi zuten seta (15-7). Bigarren jokoan, ordea, erabat aldatu zen partidua. Ezinean aritu ziren hernaniarra eta saldiastarra, eta aldiz, nabarmen egin zuten hobera Segurolak eta Ansak. Segurola izan zen protagonista nagusia, 10 tanto eginda, horietatik bost bi paretaz. Horrela, 5-16 nagusitu ziren, eta partidua berdindu zuten, desenpatea jokatzeko.

Baina joko erabakigarrian, aurreneko tantotik berreskuratu zuten bere maila onena Barrenetxeak eta Juaneneak, eta 4-0 aurreratuta, ez zien ihes egin finalerako txartelak (5-2).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!