Kulturak bira eta bira herriko auzoetan barrena, uztailean ere

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 00:00

Ilargi Arrizabalagak eskainiko du kontzertua bihar, ZikuƱagako ermitan, Kultur Bira ekimenaren baitan.

Bihar 20:00etan hasita, Ilargi Arrizabalaga abeslariak kontzertua eskainiko du Zikuñagako ermitan.

Hernaniko Udaleko Kultura sailak Kultur Bira ekimena jarri zuen abian maiatzean, eta uztailerako ere egitarau berezia prestatu dute. Hilaren 14an, 20an eta 22an izango dira kultur emanaldiak, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Bihar, Kultur Birak Zikuñagako ermitan egingo du geldiaditxoa, musika erdigunean jarriz.

Arratsaldeko 20:00etan hasita, emanaldia eskainiko du Ilargi Arrizabalaga abeslari lezoarrak. 2021 urtean argitaratu zuen aurreneko diskoa, eta indie, pop eta pop-rock estiloak jorratzen ditu. Ilunabarraz modu be­rezian gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei.

Hernaniz gain, Ereñotzu ere bisitatuko du Kultur Birak, Olak Auzo Elkarteak antolatu duen kon­tzertuari esker. Izan ere, hilaren 20an, Janus Lester artistak kaleratu berri duen album berria aurkeztuko die ereñotzuarrei. Gaueko 22:00etan hasiko da kontzertua, frontoian. Kontzertuaren aurretik, sabelak betetzeko, Ur-Mia elkarteak afaria antolatu du, 20:00etarako. Bertan afaltzeko, izena eman behar da aldez aurretik, 688 780356 telefonora idatzita. Izena emateko azken eguna uztailaren 18a izango da, eta ondorengoak dira afariko prezioak: helduek 18 euro, eta haurrek 8 euro.

 

Hilaren 22an, Altzuetan emanaldia eta jarraian afaria

Uztailaren 22an, beste musika emanaldi bat eskaintzeko, Kultur Birak beste geldialdi bat egingo du Osiñaga auzoan. Altzueta sagardotegian izango da hori. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kontzertua, eta oraingo honetan bi izango dira protagonistak: Nikole eta June. Nikole Galardi Zapiain oiartzuarra da, eta azaldu du duela hamar bat urte hasi zuela gitarrako ibilbidea, Jose Leon Amigorenarekin: «Konfinamenduan barruko galdera eta kezkei irtenbidea eman nien musikaren bitarteaz, eta ibilbide honetan Joxe Leon eduki dut bidelagun. Eta June ere beti alboan dut, bai familian eta baita zenbait kontzertutan ere. Nahiz eta nire bakarkako bide musikala egin, beti daukat laguntzeko prest».

Kantaldia dohainik izango da, eta ondoren, sa­gardotegian bertan afaltzeko aukera izango dute herritarrek, aldez aurretik izena emanda. Auzotarrek, Osiñagako Auzo Elkartearen bitartez egin dezakete, Amaiari deituta, 649 493 920. Gainontzekoek, Altzuetara deitu edota bertaratu beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!