Gaur jokatuko du finalerdia Endika Barrenetxeak Juanenearekin, Segurolaren eta Ansaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 00:00

Juanenea eta Barrenetxea, pelota aukeraketan. Argazkia: Maialen Andres

Joan den asteburuan amaitu zen Jai Alai Summer Season txapelketako ligaxka, eta finalerdia jokatuko dute gaur, 16:3etan Galarretan. Azpiroz eta Larrañaga dauzkate zain, finalean.

Gaur arratsaldean, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Jua­­neneak aurrez aurre izango dituzte Segurola eta Ansa II, Jai Alai Summer Season txapelketako finalerdian.  Ohi bezala, arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta bigarren partidua izango da finalerdia. 

Joan den asteburuan amaitu zen Jai Alai Summer Season txapelketako ligaxka,  eta ezustekoa izan zen Galarretan. Izan ere, Azpirozek eta Larrañagak 1-2 irabazi zieten Barrenetxeari eta Juaneneari. Segurolak eta Ansak, berriz, galdu egin zuten Aldaberen eta Urrizaren aurka. Irabazita ere, txapelketatik kanpo geratu ziren Aldabe eta Urriza, eta aurreneko postua eskuratu zuten Azpirozek eta Larrañagak, zuzenean finalera sailkatzeko. Hori horrela, finalerdian ariko dira beste bi bikoteak, finalerako bigarren txartelaren bila. Asteartean aukeratu zituzten finalerdirako pelotak, eta agerian utzi zuten estrategia bi bikoteek: jokoa azkartzen saiatuko dira Barrenetxea eta Juanenea, eta moteltzen Segurola eta Ansa.

 

Aitor Aiestaranek finala, etzi 

Larunbatean jokatuko da txapelketa nagusiko finala, eta baita B multzokoa ere. Horretan ariko da Aitor Aiestaran hernaniarra, Loitegirekin batera, Zaldua IIren eta Eskuderoren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!