«Kaxkoko Karmenak dira herrikoiak, gertukoak, xumeak, eta aldi berean, emozionanteak»

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 12a, 00:00

Aurten, karta jokoak Plaza Berrin izango dira, arratsaldeko 16:30etan.

Igandean ospatuko dituzte Kaxkoko Karmengo jaiak, Kaxko elkartearen eskutik eta egun osorako egitarau ederra prestatu dute. Hori horrela, Kronika omenduekin eta Kaxkoko alkatea izango denarekin bildu da, Karmen jaien erroak zeintzuk diren jakiteko.

Igande honetan izango dute zer ospatu Hernaniko Kaxkoan, alde zaharreko festak baitira! Karmengo jaiak! Hori horrela, egun osorako egitaraua prestatu du Kaxko elkarteak,  ohiturei jarraipena emateko asmoz. Azken bizpahiru urtetan, ez dira herriko alde zaharreko jaiak behar bezala ospatu, Covid-19ak eragindako osasun egoeragatik. Baina aurten bai, «gogoz» antolatu ditu jaiak, Kaxko elkarteak. 

Hiru urte hauetan alkate lekukoa eraman du Maite Minerrek, baina aurtengo jaietan testigua pasako dio Maitere Goñi Alzagari. Hala, testigua hartu aurretik, Kronikarekin zenbait istorio elkarbanatu ditu Maitere Goñik, Kaxkoko alkate berria izango denak, emagin gisa Hernanin bizitako une hunkigarriak, estuak eta barregarriak elkarbanatuz: «Hernaniko zirrikitu guztiak ezagutu ditut, baserri guztietatik pasa naiz erditzeetan laguntzera. Behin astoan joan nintzen Larre Gainera, emagin bezala, haurdunaldi batean laguntzera. Hernaniko emakume askori lagundu diet umea mundura ekartzen, baserriz baserri joaten nintzen nire materialarekin, askotan ordu txikitan. Adibidez, Pittikar baserrira, Balantxara, Eizmendira…». Garai haietan, telefonorik ez zegoenez, Goñik azaldu du senarrak joaten zirela bere etxera ate joka: «erditzeko zegoen emakumearen senarra etortzen zen nire bila, laguntza eske. Atea jotzen zuten, eta esaten zidan senarrak ‘badator!’. Maleta hartu eta baserrira hurbiltzen nintzen berarekin, emaztea hartatzera, eta haurra mundura ekartzen laguntzeko». Beraz, hori guztiagatik eta gehiagogatik, Kaxko Elkarteak Maitere Goñi izendatuko du igandean alde zaharreko alkate, urte luzez hernaniarrengatik egindako esfortzuagatik, eta erditze prozesuan zeuden ehunka emakumeren bidelagun izateagatik.

Ohituren katea ez hausteko, Andrekale 19 zenbakian, alkatea izendatzeaz gain, zenbait herritar omenduko ditu Kaxko Elkarteak, hala nola, Marijo Sainz Puente (Ilargi arropa denda); Mitxelo Armenteros Prieto (Pitxitxulo denda) eta txistulari taldeko Patxi Apezetxea Agirre, Ruth Martin Apecechea, Jesús Mari Gutiérrez Mitxelena, Garbiñe Tijero Azkue, Ramón Iriarte Otamendi, Eva Igarriz Izeta eta Joseba San Sebastián Gorostidi. Eta horietako batzuekin ere bildu da Kronika, Kaxkoko pasarte eta bizipenak apuntatu eta herritarrekin elkarbanatzeko aitzakia hartuta. 

Elkarrizketan,  txistulariek hartu zuten hitza, beraiek izan baitzuten Kaxkoko Karmengo jaietan txistua jotzeko iniziatiba, eta baita elkarrizketan hitz egitekoa ere, zehazki Garbiñe Tijerok: «gu txikiak ginenean ospatzen genuen zerbait, baina ez festak zirelako. Nik gutxi gorabehera 15 urte nituenean, gogoratzen naiz Urruzolatarrenean Maria Pilarrek dendan jartzen zuela Ama Birjina. Guk txistulariok, txistua jotzen genion Ama Birjinari eta eskaintzen ziguten kafesne goxo bat pastekin. Esan daiteke hor hasi zirela Karmen jaiak berpizten, eta beraz, 2000garren urtetik aurrera hasi ziren berriro Karmengo jaiak. Txistulariek egiten genuen Gudarien plazatik atera, eta kale buelta bat osatu, dendara heldu arte, eta Urruzolanean egiten genuen ospakizuna. Karmengo jaiak ofizialki, hasi ziren 1983garren urte inguruan, gutxi gorabehera». Eta segidan, Patxi Apezetxeak Karmengo jaiak sentiarazten diotenari buruz jardun zuen, emozioz: «festa hori, niretzako behintzat zen gauza herrikoia, xumea, sinplea, baina aldi berean emozionantea, oso gertukoa, herriko jendea biltzen zuena, hain zuzen ere. Ni oso gustura joaten nintzen, nahiz eta festa edota ospakizun txikia izan bazuen bere garrantzia. Askotan ekimen txikiek garrantzi haundiagoa dute ekitaldi edota kontzertu haundiek baino».

Marijo Sainz ere omenduko du Kaxko elkarteak; Ilargi denda izan du 13 urtez, baina denda aurretik ere Kaxkoan lanean jardun zuela aitortu du: «13 urte nituela etorri nintzen bizitzera Hernanira, eta beraz, ni hernaniarra sentitzen naiz. Hemen ezkondu nintzen, eta hemen bizi naiz oraindik. Niretzat Hernaniko Kaxkoa etxea da, hemen aritu naiz lanean 30 bat urtez. Izan ere, Ilargi denda ireki aurretik, Isabel arrandegian egin nuen lan, 10 urtez. Artola harategiaren parean zegoen arrandegia, eta hortxe aritzen nintzen, pozik. Arropa dendan, 19 urte eman ditut, eta azaroan egingo ditu bi urte itxi nuenetik. Dendan, egia esan oso gustura aritu naiz, harreman ederrak egin ditut». Eta nola ez, Mitxelo Armenteros ere omenduko dute igandean, aski ezaguna izan den Pitxitxulo denda urte luzez bizirik mantentzeagatik. Askok oroituko dute Pitxitxulo larru eta intzienso usainagatik, seguru.

 

KARMENGO JAIAK

HERNANI

IGANDEAN

09:00 Kaxkoko hildakoen omenezko meza, Agustindarren elizan.

10:00 Trikitixa Kaxkoan zehar.

11:00 Bi pelota partidu Tilosetako frontoian.

12:00 Alkate izendapena: Maitere Goñi Alzaga.

Omenduak Andrekale 19an:
Marijo Sainz Puente (Ilargi denda)
Mitxelo Armentero Prieto (Pitxitxulo) 
Txistulari taldeko Patxi Apezetxea Agirre, Ruth Martín Apecechea, Jesús Mari Gutiérrez Mtxelena, Garbiñe Tijero Azkue, Ramón Iriarte Otamendi, Eva Iriarte Otamendi, Eva Igarriz Izeta eta Joseba San Sebastián.

14:00 Bazkari herrikoia Plaza Berrin. Balkoien apaintze lehiaketa.

16:30 Karta-jokoak Plaza Berrin. Bikoteak: Bi emakumez osaturikoak edo mixtoak.

16:30 Toka, igela eta botea, Plaza Berrin

17:00 Txokolatada

17:00-19:00 Puzgarriak Plaza Berrin, Portalondon

20:00 Sari banaketa: kartak, jolasak eta balkoi ederrenari.

20:00-22:00 Sardin-jatea Plaza Berrin.

Kaxko Elkarteak aditzera eman du igandeko bazkari herrikoiko tiketak gaur arte egongo direla eskuragai, Lamia konjelatu dendan, Aralar tabernan, Rioja tabernan, edota Plaza Berriko postutxoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!