Enpleguaz Hernanin, Sumarreko Pilar Garrido

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 10a, 00:00

Pilar Garrido eta Joserra Becerra, Ave Maria parkeko agerraldian.

Agerraldia egin zuen Ave Marian, Kongresurako Sumar alderdiaren Gipuzkoako zerrendaburu denak.

Herriz herri ari dira agerraldiak egiten Pilar Garrido eta Joserra Becerra, uztailaren 23ko hauteskundeetan Sumar alderdiaren Gipuzkoako zerrendaburu izango direnak, Espainiako Kongresurako. Eta herenegun, larunbat goizean, Hernaniko Ave Maria parkean izan ziren, Jaione Aristregi eta Lourdes López Elkarrekin Podemoseko zinegotziekin batera, besteak beste.

Enpleguaz aritu zen Pilar Garrido zerrendaburua, eta konpromisoa hartu zuen Euskadin «herritarrek eskatzen duten enplegu txukuna» ezartzeko. Horretarako, adierazi du Sumar gobernuan egonez gero, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata igotzen jarraituko dutela, langileen soldatak igoko dituztela «2022an galdutako erosahalmena berreskuratzeko», eta neurriak hartuko dituztela kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak izan daitezen ohikoenak: «Frogatuta dago horiekin gora egiten duela produktibitateak. Bukatu dira astebeteko edo egun bakarreko kontratuak».

Yolanda Díaz Sumar alderdiaren presidentegaiak Enplegu ministro bezala egindako lana ere nabarmendu zuen Garridok, agerraldian: «Bera izan da Euskadin enpleguaren arloan eman den aldaketaren protagonista nagusia. Marka historikoa lortu du, eta lan baldintzen prekarietatea eta aldi baterakotasuna gutxitzea Euskadin. Hiru aldiz kontratu mugagabe gehiago dauzkagu hemen, eta Yolandari esker izan da hori», goraipatu zuen Garridok.

Agerraldiaren ondoren, bisita egin zuten Hernaniko kaleetan barrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!