Euskal Herri mailako Baterajotzea egingo dute urrian, Usurbilen

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 9a, 00:00

Harrotzen talde feministako kideak, Tilosetan egin zuten aurkezpenean.

Hilaren 13tik 15erako antolatu du Harrotzen talde feministak, eta aste honetan aurkeztu du Hernanin, Tilosetan.

Neska* Gazteon Baterajotzea antolatu du Harrotzen talde feministak, Euskal Herri mailakoa. Urriaren 13tik 15era izango da, Usurbilen; eta aste honetan egin dute egitasmoaren aurkezpena, Hernaniko Tilosetan.

«Azken urteotan areagotu egin dira mundua amaituko denaren eta distopiaren bidean goazenaren mundu ikuskerak. Bien bitartean, bizitza eta kapitalaren arteko talkak areagotu egin dira, gure bizitza kalitatea jaitsiz. Gure aurkako erasoak areagotzen ari direlarik, ezin da ukatu distopia batean gaudela», adierazi dute. Horregatik, diote «orain» dela «antolatzeko unea, iraultza feministara batzekoa, eta erresistentzia egitekoa. Erresistentziatik bestelako munduak irudikatzeko saltoa ere ezinbestean eman behar dugu. Utopiak lehertu behar ditugu, eta gaurdanik eraiki, txikitasunetik sortu osotasuna eraldatzeko anbizioaz».

Horretarako prestatu dute hiru eguneko egitaraua, eskaintza anitzarekin: «hitzaldiak, tailerrak, aisialdia eta abar». Nabarmendu dute, «Euskal Herriko neska* gazte guztiontzako espazioa» izango dela: «Gazte feministok ikaragarrizko potentzialtasuna dugu, eztanda egingo dugu Baterajotzean!».

Aurreneko Baterajotzea, 2021ean Elizondon

Gogora ekarri dute, era berean, hau ez dela izango «neska* gazteok elkartu eta batera hausnartu zein ekiteko» aurreneko topalekua. Lehenago ere, esperientziak partekatu izan dituzte, «mugimendu bezala gorpuzten lagundu digutenak». Horrela, 2016tik gaur arte, hainbat jardunaldi, udaleku eta topaketa egin dituzte, eta 2021ean egin zuten aurreneko Baterajotzea Elizondon. «600 neska* gazte bildu ginen pandemia baten erdian, antolakuntzarako dugun gaitasuna argi utziz eta indar erakustaldi bat eginez. Krisi momentu hau aukera bezala baliatzearen aldeko apustua egin genuen, eta neska* gazte subjektua berrezaugarritzeko eta mugimendu gisa indarberritzeko elkargunea izan zen», azaldu dute.

Aurtengo Neska* Gazteon Baterajotzean, Usurbilen, «zaintzaren auzia» izango dute eztabaidagai, «guk ere badugulako zer esana». Horrez gain, beharrezkoa ikusten dute «sistema bortitz eta distopiko honetan utopia berriak irudikatzea». Horretarako tresnak sortu nahi dituzte, eta baita «alternatiba berrietan sakontzeko eta eztabaida estrategikoak emateko espazio bat ere». Horregatik antolatu dute Baterajotzea, «Euskal Herriko gazte feministentzat elkargunea izango dena», Greba Orokor Feministaren aurretik. Bat egiteko deia luzatu diete guztiei: «Utopiak lehertzeraino, Neska* Gazteok Baterajotzera!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!