Zaintza zerbitzua eskainiko du Doberak Langilen, irailean hasita

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Irailetik ekainera izango da astegunetan, 07:30etatik 09:00etara, HH2 eta LH6 mailen arteko haurrentzat.

Zaintza zerbitzua izango da Langile ikastolan, datorren ikasturtean, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Irailean hasi eta ekainera bitarte, egunero eskainiko dute zerbitzua astelehenetik ostiralera, goizeko 07:30etatik 09:00etara, familia bakoitzaren beharretara egokituta.

Haur Hezkuntzako bigarren maila eta Lehen Hezkuntzako seigarren maila bitarteko haurrentzat izango da zaintza zerbitzua, eta begiraleak arduratuko dira haurrak gelara eramateaz, ordua iristean.

 

Izenematea zabalik, Dobera Euskara Elkartean

Dagoeneko zabaldu du zaintza zerbitzuan izena emateko epea, Doberak. Horretarako, hiru bide daude aukeran: labur.eus/85zHF helbidean formularioa bete, dobera@dobera.eus helbidera idatzi, edo 662 406 692 telefonora deitu. Zerbitzuarekin aurrera egiteko, gutxieneko haur kopuru batek eman beharko du izena. Horregatik, lehenbailehen izena ematea gomendatu diete interesa dutenei.

Doberako bazkideek deskontua izango dute, eta honakoak dira prezioak: hilabetekoa 65 euro (bazkideek 60 euro), anai-arreba bat baino gehiago apuntatzeagatik 55 euro (bazkideek 50 euro), eta egun batekoa 7 euro (bazkideek 6 euro). Egun bateko erabilerarako, gutxienez 24 ordu lehenago abixatu beharko da (astelehenerako bada, 72 ordu lehenago).

«Modu goxoan» hasiko dute eguna haurrek, Doberako hezitzaileen eskutik: «Giro euskaldun, goxo eta ludikoan egongo dira, eguna ahalik eta modu atseginenean hasteko. Jolasak, mahai jokoak, irakurketa, margoketa... egin ahal izango dira», aurreratu dutenez. Bere helburuei eutsiko die Doberak, goizeko zaintza horretan ere; eta euskeraren erabilera sustatuko du bertan. Era berean, haurren hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatuko du, eta euskal kultura ezagutarazi, eta lagun berriak egiten lagundu, adin ezberdinetako haurrak elkarrekin egongo baitira zaintza zerbitzuan.

Umeei harrera goxoa egin, eta gurasoen oharrak jasoko dituzte hezitzaileek, gero haurraren tutoreari helarazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!