Historiari buruzko ikastaroa uztailean Biterin, Beñi Agirrerekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Uztailaren 17tik 20ra izango da, 10:00etatik 12:00etara, Hernani Errotzenek antolatuta. Euskal Herriaren historia landuko dute bertan.

Euskal Herriaren historiari buruzko ikastaroa antolatu du Hernani Errotzenek, Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean, bi aste barru: uztailaren 17tik 20ra izango da, Biterin, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Beñi Agirre historialari hernaniarrak eskainiko du ikastaroa.

«Euskal Herriko historia na­hiko korapilatsua da kontatzeko, konkistatuak izan diren beste herri askorena bezala. Zergatik bi bandera? Izan al da inoiz orain­go Iparralde, Erkidegoa eta Nafarroaren batasunik? Zeintzuk ziren barduluak? Zer zegoen jokoan galdutako bi karlistadetan? Horiei eta beste galdera askori erantzuna bilatzeko antolatu dugu ikastaroa», azaldu dute. Euskera eta bere bilakaera historikoa ere izango dituzte aztergai: «Egia al da euskera betidanik dela hemengo hizkuntza? Egia al da hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik? Berez indartsuak diren hizkuntzek soilik iraun dute? Iraungo dute?».

Edonola ere, aurreratu dute ikastaroaren helburua ez dela galdera horiei «erantzun bat eta bakarra» ematea, «baizik eta aztertzea herri bezala zer gertatu zaigun, gaur egun galdera horiek geure buruari egiteko».

 

Izenematea zabalik, uztailaren 13ra arte

Izena emateko epea zabalik dago, uz­tailaren 13ra arte. Horretarako edota informazio gehiagorako, herriaerrotzen@gmail.com helbidera idatzi behar da, izen-abizenak zehaztuz. 20 euro dira, matrikula eta materiala barne.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!